ERREPORTAJEA

Boterearen azterketa liburugintzatik

Jon Miranda Labaien 2022ko urt. 23a, 07:58
Paulo Iztueta Armendariz, Berastegin, 'Hego Euskal Herriko eliteak. Boterearen azterketa' liburua eskuan duela. J. MIRANDA

Manu Robles Arangiz eta Iparra-Hegoa fundazioek Hego Euskal Herriko eliteak. Boterearen azterketa liburua argitaratu dute. Jon Diaz Egurbide irakasleak koordinatu du publikazioa eta Elitist Britain 2019 dokumentua jarraituz, meritokraziaren ereduan oinarritu dira lana egiteko. Guztira, 5.500 erregistro jaso dituzte eta hamar arlotan sailkatu: politikoak, goi-karguak, erakunde publikoak, kultura-erakundeak, komunikabideak-media, enpresa publikoak, enpresa pribatuak, eragin handiko emakumeak, artistak-mundu sortzailea, eta kirola. 

Lehen atal batean bildutako datu horiek xehe-xehe ematen ditu Diazek, eta bigarren atalean, arlo ezberdinetako adituek datu horien irakurketa egiten dute. Goi mailako irakasleak dira guztiak, tartean daude, Iñaki Goirizelaia, Joseba Agirrezkoenaga, Ane Larrinaga, Baleren Bakaikoa, Iñaki Zabaleta edota Josu Amezaga. «Horietako batzuk nirekin tesiak egindakoak dira. Aspaldiko ezagunak ditut eta esan beharra dago ia mirakulua dela hainbeste jendek baiezkoa eman eta parte hartzea» aipatu du Iztuetak. Liburuaren hitzaurrea ere berak prestatu du. «Eliteaz dihardugunean, zehazki elite politikoaz, ekonomikoaz eta politikoaz dihardugu. Azken hau da, hain zuzen, pentsamenduaren produkzio, erreprodukzio eta zabalkundearen kontrola daraman taldea», dio Iztuetak.

Aipatutako libururako, Euskal kulturgintza eta liburugintzaren egoera 2010eko hamarkadan ikerketa sakona egin du Iztuetak. «Ikusi ahal izan dut, besteak beste, Espainiako Estatuan 2018an ez fikziozko testuek zutela lehentasun nabaria (%43,1). Euskal Herrian, aldiz, %15,07ra jaisten da ehunekoa. Ekarpena testu ez-unibertsitarioetan eta haur eta gazteentzako sailetan metatzen da. Hor nabari da ondoen nola pentsamendu akademikoaren ahulezia ematen den euskara bezalako hizkuntza minorizatuetan». Iztuetak jaso duenez 2011tik 2019ra Euskal Herriko unibertsitateek egindako argitalpenen %80 gaztelaniazko tituluak dira.

Administrazio publikoetako erakundeek 2011-2019 epealdian egindako argitalpenetan ere egoera bertsua da, lanen %17,9 soilik atera dira euskaraz. Duten historiagatik eta euskalgintzaren aldetik egin duten ekarpenengatik kultura erakunde pribatuen azterketa ere egin du Iztuetak. Argitara emandako 383 tituluetatik euskarazkoak %60,6 izan dira, gaztelaniazkoak %15,9 eta elebidunak %23,8. «UEU/Uztaro eta UZEI bi erakunde hauek izan dira, batez ere hauek, bakoitzak bere arlo espezifikoan, euskalgintza eta euskal pentsamendu akademikoaren esparrua landu eta bultzatu dutenak. UZEIren sorrerak eta ekarpenak sekulako iraultza suposatu du euskararen normalizazio prozesuan eta meritu hori, neurri handi batean, Joseba Intxaustiri zor zaio. Ahalegin paralelo honetan kokatu behar da, halaber, Elhuyar taldearen lana. Euskalgintza akademikoak, beti ere maila pribatuan, UEU/Uztaro eta UZEIn ditu bere arnasgune hautatuak. Hortik doa euskal pentsamenduaren lanketa eta dinamika».

Iztuetaren ustez EHUk ez du landu pentsamendua euskaraz, «hartzaile gehiago izan da sortzaile baino». Elebitasun desorekatuan ikusten du gakoa irakasle eta soziologoak: «Kultura akademikoa gaztelaniaz erreproduzitzen jarraitzen dugu neurri handi batean. Estatu baten babesa duten hizkuntza nazionalek oso ondo zaintzen dute ekoizpen zientifiko-akademikoaren esparru zabala osatzen duten ez-fikzioaren saila, hor eskolatzen baitira gizarte egiturak kontrolatzen dituzten goi agintari publikoak».

Murgiltze ereduez

Liburuan irakaskuntza ez-unibertsitarioan euskararen ezagutza ere aztertu dute. 2020-2021 ikasturteko datuen arabera D ereduan eskolatzen da ikasleriaren %67,1. «Lerro horretatik elikatzen da unibertsitate ikasketak euskaraz egiteko ikasle berriek egiten duten eskea. Bego hori esana. Baina esaten ez dena da, Lanbide Heziketako ikasle gehienek gaztelaniaz burutzen dituztela beren ikasketak, %18,1 baino ez da D ereduan eskolatzen». Sare publikoan eta pribatuan eskolatzen diren ikasleen kopuruak antzekoak izanagatik, Iztuetak dio, publikoak eskolatzen duela gehien euskaraz (%63) eta pribatuak gutxien (%37).

Eztabaida pil-pilean ikusten du Iztuetak. «Segregazioarekin bukatzeko sare publikoaren aldeko oldea kalean da; Ikastolek beren eredu pedagogikoaren aldeko aldarria egin dute, murgiltze metodoa aldarrikatuz; legeria berri baten aldekoak ere badira...». Eleaniztasunaren ereduak porrot egin duela uste du Iztuetak, «eman beharrekoak eman ditu». Bere ustez, gaur gaurkoz egiazko elebitasunerako bidea oztopatzen dutenak elebakar erdaldunak dira. «D eredua ozta-ozta heltzen da ikasleriaren erdia euskalduntzera. Porrot egin du orain artekoak. Euskaldunagoak atzera egin du. Kontua da botere autonomikoak bere garaian irizpide pedagogikoa erabili ordez politikoa ezarri zuela eta geroztik ondorioak pairatuz gatozela».

«Kultura akademikoa gaztelaniaz erreproduzitzen jarraitzen dugu neurri handi batean»

Arazoari neurriko aterabidea ematea proposatzen du berastegiarrak, funtsean aterabide politikoa. «Egun indarrean dauden ereduak gainditutzat emanda, legeria berri bat eraiki eta murgiltze metodo bat ezartzea proposatzen dut, garai batean Israelen hebreerarekin egin zen bezala, edo hurbilago Finlandian suomierarekin egin zen bezala. Berrogei urte pasa eta gero, ataka berean trabatuta jarraitu behar al dugu? Zer eragozten du euskararen normalizazio soziopolitikoa? Agian, beste ezerk baino gehiago, bortxa sinbolikoak? Zementuan gastatu ordez, inbertsio ekonomikoa egin beharko luke klase gidari horrek baldin eta sinesten badu herri euskaldun batean. Hizkuntzarekin jokoan dagoena herriaren arima da».

Azken hilabeteetan eztabaidatzen ari diren hezkuntza ituna kezkaz ikusten du Iztuetak. «Ez zait iruditzen konbentzimendua dagoenik, argi ikusten dugunik herri oso bat dela euskaldundu beharra dagoena. Egongo al da protesta bat? Esnatuko al gara? Nahikoa al dira Berria, tokian tokiko aldizkariak? Niretzat ez dira nahikoa. EKB guk sortu genuen, UZEIn genbiltzala, bestek beste, alfabetatze eta euskalduntzean bikoizketak egiten hasi zirenean. Orain Kontseilua dago, baina nahikoa al da horrekin? Ez du merezi estatu bat edukitzeak estatu hori ez bada euskalduna. Nik hainbeste urtetan ez dut horretarako borroka egin».

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!