ELKARRIZKETA

«Hizkuntzarekin jokoan dagoena herriaren arima da»

Jon Miranda Labaien 2022ko urt. 23a, 07:59
Paulo Iztueta Armendariz, Berastegin. J. MIRANDA

Asteburuak eta jai egunak jaioterrian ematen ditu Paulo Iztueta Armendarizek (Berastegi, 1941). Hamasei urte dira unibertsitatean erretiroa hartu zuela baina jarraitzen du lanean. Bere ibilbidearen inguruan eta azkena parte hartu duen liburuaren gainean aritu da Tolosaldeko Atariarekin. Euskaratik, euskaragatik eta euskaraz.

Euskarazko pentsamendu autonomo eta burujabe baten alde jardun du lanean bere ibilbide osoan zehar Paulo Iztueta Armendariz idazle eta soziologoak. Hezkuntza eta hizkuntza izan ditu langai, UZEIn eta EHUn; eta Orixe eredu hartuta, literatura pasio.

Zein familiatan sortutakoa zara?

Erredione baserrian sortu nintzen eta lehen urteak han egin nituen. Gero hamar urterekin Tolosako Sakramentinoetara joan nintzen eta lehenengo ikasketak han egin nituen, zazpi bat urtez. Apaizgintzako karrerako urteak, Arratian egin nituen, Bizkaian.

Nolakoa zen gerra ondorengo Berastegi?

Gazte atera nintzen herritik. Dena den, esan dezaket, Erdi Aroko giroa ezagutu nuela. Nekazaritza herri bat zen, herri oparoa, lur eta mendi onak zituena. Ni baserrian hazia eta hezia naiz, badakit zer den baserrikoa izatea eta lan nekosoa da. Nik euskal mundua besterik ez nuen jaso. Herrian jendeak erdararik ez zuen egiten, salbu kaleko batzuk, medikuaren semeak eta horrelako batzuk. Ohituren aldetik mundu berezi bat ezagutu nuen. Orixeren Euskaldunak irakurriz gero bertan aurkituko duzu nire mundua. Nik sintonizatzen dut giro horrekin, nire gaztaroan bizi izan nuelako.

Erlijioak bazuen pisua garai hartan?

Pisu ikaragarria zuen elizak. Munduaren konfigurazio totala zen elizarena. Ezin zinen arauetatik atera, bestela behatzarekin seinalatzen zintuztelako, kolektibitatearen zentzua, bere osotasunean ematen zuen elizak. Hertsapen ikuspegi bat bazegoen. Kontuan hartu behar da zein garai ziren haiek: Frankismoaren bihotzean bizi ginen, konkordatua indarrean zegoen garaia zen eta orduan pentsaeraren monopolioa elizak zuen. Moderatu egiten zituen eztabaidak. Ni ere hor hezia izan nintzen. Gerra ondoko Euskal Herri hura inoiz ez bezala bokazioz beteta zegoen. Baserri munduko jendeak eskolatzerik ez zeukan, eta gu bezalako jendearentzat komentuak ziren ikasbide normalena. Berastegin, lauzpabost ginen nire garaian seminarioetara joan ginenak. Komentuak beteta zeuden ni bezalako jendez. Geroago, 60ko hamarkada bukaeran etorriko zen krisia. Husten hasi ziren komentuak eta sekularizazio prozesua hasi zen. Aberatsa izan ezean, gu bezalako baserriko semeentzat, bide hori izan zen modu bakarra ikasi eta pentsamenduaren munduan lan egiteko. Gerora baserriko seme-alaba haiek erakutsi zuten ez zirela besteak baino tontoagoak.

Arratiako Areatzan, sakramentinoen komentuan zeundela 'Arnas' izeneko aldizkaria zuzendu zenuen. 

Areatzara joan nintzen urtean bertan sortu genuen Arnas aldizkaria. Kezkatuak geunden euskararen egoerarekin eta beste hainbat gairekin. Nik zuzendu nuen aldizkaria 1959tik 1964ra. Txillardegi, Krutwig eta Juan San Martin bezalako jendearekin harremana bagenuen eta mugimendu handia zegoen. Aldi berean, Jakin aldizkariko parte ere banintzen. Sintesi lana egiten zuen aldizkari hark, denak hartzen zituen pasionistak, karmelitak, sakramentinoak... Esan beharra daukat Jakin izan dela fenomeno soziologikoa. Belaunaldi horrek eman dio euskara batuari indarra eta hedapen soziala.

«'Jakin' izan da fenomeno soziologikoa. Belaunaldi horrek eman dio euskara batuari indarra eta hedapen soziala»

Zergatik erabaki zenuen filosofia ikasketak egitea?

Bizkaitik Madrilera joan nintzen eta urtebete egin nuen formazio erlijiosoa jasotzen, jesuitekin. Handik aurrera filosofia ikasketak egitea erabaki eta Erromara joan nintzen. Bi urtez han egon nintzen. Vatikanoko II. Kontzilioaren amaitzear zegoen garaia zen. Izan nuen okasioa San Pedro basilika bertatik hori ikusi eta ezagutzeko. Bi gotzain kaputxino, Larrañaga eta Olano, ezagunak nituelako izan nuen aukera bertan egoteko. Txundituta geratu nintzen. Erromatik oroitzapen izugarri ona daukat. Hasia nintzen doktorego tesia prestatzen eta Friburgora joango nintzela pentsatzen nuen, baina hemendik deitu ninduten filosofia irakasle aritzeko. Bizkaian aritu nintzen. Giroa indartsu zegoen une horretan: abertzale mugimendua, langile mugimendua, ETAren hedapena... Une kritikoak ziren eta erbesterako bidea hartu behar izan nuen 1969an. Orduan argi izan nuen zer egin, Parisera joan eta han Soziologia eta Historiako goi ikasketak egin nituen.

Doktore tesia ere han idatzi eta argitaratu zenuen. Erlijioaren soziologiari heldu zenion. Zergatik?

Orduan sekulako krisia egon zen ezker abertzalean. Garaitsu hartan Jokin Apalategirekin liburu bat idatzi nuen, Marxismoa eta nazional arazoa Euskal Herrian (1974) izenekoa. Une horretan zalantza izan nuen. Unibertsitatean bi irakasle nituen, soziologian Paul Gaudemar eta historian, berriz, Pierre Vilar ezaguna. Dudatan egon nintzen nire tesia non kokatu eta azkenean erlijioaren soziologiari heldu nion. Zergatik? Derion egin zen itxialdian parte hartutakoa nintzen eta Zamorako apaiz kartzelan preso zeuzkatenak kide nituen. Lekuko zuzena nintzen eta dokumentu asko neuzkanez alde horretatik heldu nion tesiari: Sociologie phénomène contestataire au Pays Basque Sud: l'exemple du clergé 1945-1975. Sekulako arrakasta izan zuen eta agortuta dago gaur egun. Frankismo osoa azaltzen dut hor. Paul Gaudemarrek zuzendu zuen tesia. Pena ikaragarria izan nuen Pierre Vilarrengatik, hark interesa handia baitzuen Apalategik eta biok ateratako liburu horretan. Proposatu zidan Sorbonan bigarren tesi bat egitea, baina zoritxarrez, ez zen posible izan. 

Pentsamendu zientifikoa euskaraz lantzeko oinarriak jartzen jardun duzu zure ibilbide guztian. 

Bai. Hori izan da nire obsesioa. Barandiaranek, Mitxelenak, Laffitek, Lekuonak eta horiek guztiek euskaraz ere idatzi zuten, baina gehienbat erdaraz jardun zuten. Soilik euskaraz aritu zirenak Jokin Zaitegi eta Nikolas Ormaetxea Orixe izango ziren. Gure intelektualak ziren horiek zergatik egin zuten erdaraz? Nik argi nuen ez zegoela zer eginik euskaraz ez baziren lanak egiten eta goi pentsamendua euskaraz lantzen ez bazen. Ordura arte euskarak lekua zuen soilik ipuinetan eta literaturan, bazirudien gure hizkuntzak zientziarako ez zuela balio. Horregatik garbi ikusi nuen nik euskarak prestigioa behar zuela. Krutwigi ikasi nion hori. Oso figura garrantzitsua izan zen, arraroa bera bezalakoxea, baina ekarpen handia egin zuena.

«Mendez mende emigratutako pentsamendua izan da gurea. Nik bertako pentsamendu autonomoaren alde egin beharra zegoela argi nuen»

Erbestetik iparraldera bueltan 'Zabal' aldizkaria sortu zenuten. Euskal intelektualen kokaleku eta erreferente izan zela uste duzu?

Bai. Parisen izan nintzenean beste zerumuga bat zabaldu zitzaidan. Pentsamendu akademikoarekin, marxismoarekin, antropologiarekin edota hizkuntzalaritzarekin elkarrizketan jarri nintzen eta begiak zabaldu zitzaizkidan. Ikusten nuen nire mundu erlijiosoa zabaldu beharra nuela. Kultura askotariko mundua da eta gure herrian bide berriak zabaltzen ari ziren. Argi nuen pentsamendu autonomoa sortu behar genuela. Jakin aldizkaria nahikoa ahul zebilen orduan eta oraindik atxikia zegoen mundu erlijiosora. Nik nahi nuen aldizkari bat sekularra eta dagoeneko Iparraldean bizi nintzela sortu nuen Zabal. Poliki-poliki hegoaldeko jendea batzen joan zen eta 20-30 laguneko taldea osatu zen. Han sortu zen pentsamendu modernoa, han sortu zen feminismoa, ekologismoa, marxismoa eta sekularizazio prozesu guztia. Zabal hartatik sortu zen gero Elkar. Hiru katu ginen saltsan genbiltzanak, Fermin Jaka, Jokin Apalategi eta ni neu. 

Hain zuzen, euskarazko unibertsitateak beharko zuen euskarazko materiala sortzen jardun zenuen zuk UZEIn, 1977tik 1989rako tartea.

Unibertsitaterako euskarazko materiala prestatu beharra zegoela ikusi genuen. Nik aspaldiko denboretatik banuen idazteko erraztasuna. Zientzia adar guztietan lexiko espezifikoa landu eta jakintza ezberdinekin lotutako testuen corpus bat sortu beharra zegoen. UZEIn hiru edo lau hizkuntzetara sortutako hiztegiak egin genituen, 200 baino gehiago. Baina horrekin batera, gai bakoitzari lotutako testuak sortu genituen. Ni politika eta filosofia arlokoak landu nituen. Asko idatzi genuen, minimo bat sortu arte. Talde lan handia egin genuen. Prosa akademiko berria ez litzateke existituko urrats horiek aurretik egin izan ez balira.

Erretiratu bitarteko urteak EHUn eman dituzu lanean. Zein esparrutan aritu izan zara lanean?

Hezkuntzaren soziologiaren esparruan ibilia nintzenez, departamendu horretan aritu nintzen lanean hogei bat urtez. 66 urterekin hartu nuen erretiroa, sasoikoa nengoen bitartean.

Literatura izan da zure beste esparru kuttuna. Literatura eta 'Orixe'. Zein izan zen zuretzat Nikolas Ormaetxea?

Hasteko idazle bat. Nire ustez, niri gehien irakatsi didana euskaraz eta euskararen mundua barrutik ezagutzen. Orixek ikaragarri zekien euskaraz. Hamazazpi urte arte Uitzin bizi izan zen eta artzain hizkuntza hori hain ondo menderatzen zuen, ikaragarrizko esaldiak sortzen zituela. Kapaz zen San Agustinen aitortzak hartu eta euskaraz hark latinez bezain ondo emateko. Gaitasun handia zuen eta izugarri ondo menderatzen zuen euskara. Orixe hirukia zen eta ama ez ezagutu izanaren barruko mindura horren isla da bere poesia. Poesia liriko eta mistikoetan bere bihotza uzten du agerian. Poema onenak erbestean egiten ditu, nire ustez. Gero Euskaldunak lana ere ederra da, hemengo ohiturak eta horrelakoak bilduz, etnografia lan mardula eman zuen.

Nik idazleetan gehiena Orixe ezagutzen dut. Sakon aztertu nuen bere obra, bere jaiotzaren mendeurrenaren harira hasi nintzen haren inguruko lana prestatzen. Askogatik bera izan da onena, niretzat behintzat. Lizardiren maisua izan zen Orixe eta baina nire ustez hizkuntza nahikoa gordina zuen Lizardik, heldugabea, berdea. Lauaxetak ere bai. Gehiago bortxatzen zuten hizkuntza, nahiz eta poeta onak izan. Autore gehiago ere badaude, niretzat eredugarriak izan direnak. Horietako bat, Berastegi bertako Txomin Jakakortajarena, euskaraz asko zekiena. Irri poesia fenomenala da. Gero garbizalekeria horretan sartu zen eta azkeneko fasean ez nuen hain gustukoa izan. Gainerakoan, Mitxelena oso zehatza zen bere lanetan, beste estilo batean. Zaitegi ere ona zen. Eta konparazioetan sartu gabe, beste garai batean eta beste estilo batean, Axularrek txunditu egiten ninduen. 

Zuk zeuk ere poesia landu izan duzu. Bi poema liburu idatzi zenituen bere garaian. Utzita al daukazu?

Bai. Abantaila bat genuen, sakramentinoek meditazioak egiten genituen eta liburu erlijiosoak behar izaten genituen horretarako. Autore zaharrak handik ezagutzen nituen nik eta bagaje hori baneukan. Poema batzuk Madrilen egin nituen Areatzatik hara joan nintzenean eta beste batzuk Erroman eta bi horiekin liburu bat atera nuen Ibiltari izenekoa. Joxe Azurmendi ere Erromara joana zen nire urte berean eta Juan Mari Lekuona ere han zegoen. Han egin genuen bat hiruok. Lekuonak egin zidan, esate baterako, liburuaren hitzaurrea. Asko maite ditut orduan idatzitako nire poema horiek, garai hori nire aro existentzialistaren lekuko baitira. Oroitzapen onak dauzkat. Erbestetik bueltan, esperientzia haiek bizi ondoren idatzitakoa da Herbestean, 1979an Irun Hiria Saria eskuratu zuena poesia arloan. Ez dut jarraitu izan literatura idazten. Hor bukatu nuen nire jarduna, eta ibilbide akademikoari heldu nion bete-betean. Idatzi izan ditut beste mota bateko liburuak eta poz handia eman zidan, adibidez, Intelligentsia kimatuaren orbelak liburuak. Lan honek, saiakera arloan, Irun Hiria Saria eskuratu zuen 1996an. Euskal pentsamenduaren mundua zein egoeran zegoen esplikatu nuen saiakera horretan. Herri emigratu baten pentsamendua izan da gurea. Euskal Herriak sekula unibertsitaterik izan ez duenez, euskaldunak eta elitekoak izango zirenak Zaragoza edo Salamancara joango ziren. Mendez mende emigratutako pentsamendua izan da gurea. Nik bertako pentsamendu autonomoaren alde egin beharra zegoela argi nuen. Ikusi nahi nuke zuek, hurrengo belaunaldiek noraino eramango duzuen hori guztia. 

Zein bizimodu daramazu orain?

Konpromiso handiak alde batera utzita dauzkat. Adinarekin erreflexuak galdu egiten dira eta nahiago dut apartexeago ibili. Gainerakoan asko irakurtzen dut eta idatzi gutxiago. Ahal dudan neurrian jendearekin egoten naiz eta laguntza ematen diet eskatzen didatenei. Semea daukat irakasle eta harekin interlokuzio dezente daukat. Hona Berastegira ere maiz etortzen naiz, harreman ona daukat bertako jendearekin. Iruditzen zait udalean-eta jende jantzia dagoela eta zorionak eman nahi nizkieke, ez dudalako hori edozein herritan ikusten.

Erlazionatuak

Boterearen azterketa liburugintzatik

Jon Miranda Labaien 2022 urt 23 Berastegi

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!