ELKARRIZKETA

«Lanari zenbat ordu dedikatzen diogun jendeak ez daki, eta 365 egun dira»

Eneritz Maiz Etxarri 2021ko eka. 23a, 07:59

Jose Inazio Ugartemendia berastegiarrak enpresako lana utzi zuen duela sei urte, eta txikitako ametsa betetzeari ekin zion artzaintza munduan lanean hasiz; Gazpio izeneko Idiazabal jatorriko gazta ekoizten du.

Ez zen baserrian jaio, baina aitona-amonen baserria umetatik bizitu izan du Jose Inazio Ugartemendia berastegiarrak. Txiki-txikitatik zuen ametsa bete nahi izan du, eta 2015. urtean erabaki zuen artzaintzatik bizitzea. Gazpio gazta ekoizten du, eta sariak pozik hartu izan ditu, baina jakitun da sariak ez direla urtero lortzen, eta horiek lortuagatik ere umiltasunez lanean jarraitu beharra daukala dio. Salmentaz ere bera arduratzen da, eta osasun egoerak bide berriak aurkitu beharra ekarri dio.

Nerabezaroan ez zenuen artzain lana aukeratu.

Ez neukan nik aukerarik artzain lanetan hasteko. Lehen saltoa eraikuntzara egin nuen, eta gero 20-21 urterekin fabrika batean sartu nintzen. 22 urterekin Goizuetara joan eta lehen ardiak erosi nituen, eta hektarea bat pasatxo zuen lur zatia erosi nuen Berastegin. Lurrak alokairuan hartzen joan nintzen, eta bagenuen etxetik gertu ukuilu moduko bat eta hura egokitu nuen. Han hasi nintzen lehen ardiak jezten. 150 bat ardi izatera iritsi nintzen, eta enpresan lanean jarraituz esne pixka bat ere ekoizten nuen.

Noiz hasten zara enpresako lana utzi eta artzaintzatik bizitzean pentsatzen?

2013. urtean izan nuen aukera orain nagoen Armuño artegia alokairuan hartzeko. Ia lehen bi urteak fabrikako lana eta ardiekin lan egiten pasa nituen, ardi kopuru txikia nuelako. Bidea bazegoela ikusi nuen, eta proba egitea aukeratu nuen 2015eko urte amaieran. Lantokia utzi eta jada ardiekin sartu nintzen buru-belarri.

Ez zen bideragarria bi lanpostuetan aritzea?

Gorputzak tope bat jartzen du, eta jada gaizki nenbilen, lo oso gutxi eginez. Biak ondo eramatea oso zaila zen.

Eta artzaintzaren aldeko apustua egin zenuen.

Gehiago ezin zidatela eman eta urtebeteko eszedentzia eman zidaten fabrikan, eta hura hartu eta arriskatu egin nuen. Bi ume txiki ere banituen, eta ez zen apustu erraza izan. Artzaintzagatik egin nuen apustu eta gaur hemen gaude.

Garbi zenuen ardiekin lan egin nahi zenuela.

Bai ume-umetatik esaten nuen ardi granja jarri behar nuela. Gurasoek orain ere behin baino gehiagotan esaten dute. Aukera sortu zitzaidanean, orain edo ez dut behin ere proba egingo esan nion neure buruari, eta gero agian damutu egingo nintzela pentsatuta, proba egitea erabaki nuen. Gaizki ateraz gero ere, ez zitzaidan axola beste edozein tokitara lanera joatea.

Ametsa bete duzu beraz.

Berandu baina ametsa bete dut.

Inguruko jendeak zer zioen?

Denetik entzun nuen. Batzuk esan zidaten ondo ez nengoela urte garai hauetan apustu honi heltzearekin. Nik barne-barnetik bizi nuen, eta kostata bada ere familiaren babesa izan nuen. Gaur egun gazteengan ez da erraza eta ez da ohikoena, baina nik hau aukeratu nuen, eta egia esan ez naiz damutzen.

Ardiak zaintzeaz gain, gaztak ere zerorrek egiten dituzu.

Bai. Goizean etorri, eta jatekoa jarri, ardiak jetzi eta 09:00-09:20 aldera gaztandegira jaisten naiz, eta esnea preparatu, gatzagia bota, gaztak egin, gaztak moldeatu... Eguerdi garaian guztia moldeatzeko prest dudanean, hau da, moldeatzen denbora asko pasaz gero-eta, hozten joaten da eta testura aldatzen hasten da, eta orduan ama etortzen zait moldeatzen laguntzera, eta garbitasunarekin ere laguntzen dit. Arratsaldean gaztei bueltak eman behar zaizkie, eta gero berriz ere ardietara pasatzen naiz.

Egunero egiten duzu gazta?

Ez, bi egunetik behin egiten ditut gaztak. Eta asteburuetan esnea saltzen saiatzen naiz.

Ukuiluko lanak baino denbora gehiago eskatzen du gaztak egiteak?

Nik esango nuke ezetz. Ardiak ondo zaintzea beti izaten da lana. Gaztandegiko lana mimo handiz egin beharreko lana da. Gazta on bat egiteko lehenengo ukuilutik hasi behar da. Ardiak ondo eduki, ardiak ondo elikatu, jezteko tokiko garbitasuna, errapeetako kalitatea, esnearen kalitatea, errapeetako minak eta horiek zaindu ez daitezen sortu,.... Gazta on baten prozesua goitik hasten dela, hau da, artegitik, ardietatik. Biltzen duzun esnearen kalitatearen araberakoa izaten da behean, gazta.

Berastegi inguruko larreetan ibiltzen dituzu ardiak?

Jezten jarraitzen dudan bitartean egunero datoz etxera. Hemen inguruko larreetan bazkatzen dute, eta gauerako ukuilura ekartzen ditut. Bero handia bada alderantziz egiten dut.

Gazta on bat egiteko sekreturik bada?

Nik ez nuke esango sekreturik denik. Ahal duzun mimorik handienarekin egin behar duzu, prozesua eta tenperatura ahalik eta ondoen eraman, eta gero hozkailuan asko mimatu.

Erronka izango da beti antzeko gazta egitea, ezta?

Neguan barruan daudenean edo behin udaberri garaian larrera ateratzen direnean ekoitzitako gazta ez da berdina. Testura eta krematsu aldetik antzekoak egiten saiatzen naiz, eta ahal den eta mimorik handienarekin egiten; urtero bezeroa ez dadila desberdintasun handiez konturatu.

Zeruari asko begiratzen diozu?

Bai, eta bereziki garai honetan. Belarrak egin nahian gaude, eta eguzki gutxi egiten du. Guk belar berdea ez dugu biltzen, ondu egiten ditugu belarrak eta orduan gora begira bizi beharra daukagu. Ardiekin ere bai. Ardiak larrera ateratzeko garaian eguraldi oso txarra bada ordu batzuk atera, aterrunea noiz datorren begiratu eta maiz samar ibiltzen gara zeruari begira.

Negu gogorra bada?

Barruan edukitzen ditut. Hemen altu xamar gaude, eta elurra ere azkar samar azaltzen da, eta barruan edukitzen ditut. Azaroan umeak izateko barrura sartu eta otsaila bukaera arte edo izaten ditut han. Aurten martxoaren lehen egunean atera nituen.

Zer ematen dizu lan honek.

Ardiekin ibili, ardiak ondo zaindu, eta ematen didaten esnearekin neronek gazta ekoiztu eta gazta hori merkaturatzeak niri poztasuna ematen dit. Bezeroekiko harremana. Azoka berezietara ere dezente mugitzen gara, eta bezeroak zure gazta baloratzen duenean... horrek poztasun handia ematen dit. Bete egiten nau lan honek.

Gizarteak baloratzen du zuek egiten duzuen lana?

Baloratzen duela esaten du jendeak, baina nik ez dut uste. Ni zuzeneko salmentaren aldekoa naiz, eta salmentara joaten garen garaian, jendeak ahalik eta merkeen erosten du edo beste kate batzuetara lehenago jotzen duela esango nuke.

Bazterrean zaudetela sentitzen duzu?

Bazterrean gaudenik ez nuke esango, baina behar den adina baloratuta gaudenik ere ez nuke esango. Jendeak ez dut uste baloratzen duenik gure produktuak balio duena, balio duela guk pasatzen ditugun ordu guztiengatik. Guk hemen zenbat lan egiten dugun, eta zenbat ordu dedikatzen diogun ez daki, eta 365 egun dira.

Instituzioek egiten dute zerbait?

Baietz esaten da, baina nik uste gehixeago egin beharko litzatekeela. Espekulazio handiak daude. Pentsua ere izugarri igo da. Ez dut uste egin beharreko guztia egiten dutenik.

Jendea kontziente da herriko zelai berdeen atzean zuek zaudetela?

Ez dakit kontziente diren, baina horrela da. Hemen gauden lau nekazari edo ganaduzaleok gure egitekoari uzten badiogu, herri honetan larrea goitik behera jaitsiko da segituan, eta zikinak guztia hartuko du. Berastegi zeinen polita dagoen esatea erraza da , baina horren atzean lan ordu asko eta lan handia dagoela jakin behar da.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!