Herriko artzaintza eta gaztaren kultura gertutik ezagutu dute udal ordezkariek

Ataria 2021eko ekainaren 21a

Berastegiko Gazpio artegia, Bengoetxe baserriko ukuilua eta Juangoneko borda bisitatu dituzte, besteak beste, hainbat zinegotzi eta alkateak; Andres Etxeberria artzainarekin egoteko aukera ere izan dute. 

Berastegiko Udala azken urteetan lanketa bat ari da egiten, parte hartze saioetako hainbat hausnarketetan sakondu, eta ideia horietatik tiraka praktika eta aplikaziorako dinamika berriak sortuz. Lan lerroetako bat da artzaintza eta gaztaren kulturari dagokiona, eta horren barruan, udaleko hainbat ordezkarik lehen eskutik ezagutu nahi izan dute herriko jarduera. Horretarako, larunbat goizean, herriko hainbat baserri zein ukuilu bisitatu zituzten.
 
Lehenik, Gazpio artegira egin zuten bisita. Ardiak nola jezten dituen ikusteaz gain, Jose Inazio Ugartemendia artzainarekin bere egunerokotasuna nolakoa den ikustera gerturatu ziren. Bitartean, bere instalakuntzak ikusteko aprobetxatu zuten.
 
Ondoren, Berastegiko artzaintzan zeresan handia duen Andres Etxeberriarekin elkartu ziren. Garai batean bezala egin zuten gazta, Etxeberriak berak eginak zituen egurrezko tresnekin. Esaterako, osinak erabili zituzten iragazki moduan, eta aurrerapen gehiegi ez zegoen garaian oinarriko tresnekin gazta nola egiten zuten ikasi zuten.
 
Jarraian, Bengoetxe baserriko ukuilura egin zuten bisita, eta bertan, Koro Artolaren egunerokotasuna nolakoa den ikusteko aukera izan zuten. Bertatik bertara gerturatu ziren Berastegiko artzaintzaren errealitatera. Amaitzeko, Juangone baserrikoen Solarko borda eta txabola ezagutu zituzten, eta, baita Berastegiko hainbat gazten dastaketa burutu ere. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!