Herritarren parte hartzea oinarri hartuta, lanketa egiten ari dira Berastegin

Irati Saizar Artola 2021ko eka. 1a, 19:59

'Berastegi, herri kuttuna' marka sortu ondotik, hiru lan lerrotan sakontzen ari da udala: artzaintza eta gaztaren kulturan, bertako produktuetan eta herriko ondarearen balioan.

Berastegiko Udalak azken urteetako parte hartze saioetako hainbat hausnarketetan sakondu, eta ideia horietatik tiraka praktika eta aplikaziorako dinamika berriak sortu nahi ditu. Ekintza ezberdinen bidez eta herritarren parte hartzearekin, "orainean oinarritutako etorkizuna" prestatu nahi du udal gobernuak. Parte hartze hori, hiru lerrotan eramango dute aurrera: artzaintza eta gaztaren kulturan, bertako produktuetan, eta herriko ondarea balioan jarriz.

Lanketa honen abiapuntua 2019an hasi zen, komunikazio estrategia bat martxan jarri zutenean. Herri marka sortu zuten: Berastegi, herri kuttuna. Lelo hau ere herritarren parte hartzearen bidez eraiki zen, eta bere atzean hiru ardatz finkatu zituzten: ondarea, komunitatea eta ekimena. Amaia Azkue alkateak azaldu duenez, herriko ondarearen balioa agertu zuten herritarrek: "Batetik, ondare materialak izan zitezkeen natura, baserri eta txokoak, eta, bestetik, baita ondare immateriala ere, gazta eta artzain jakintza esaterako. Komunitateari, herriari, nortasuna ematen diola ere zehaztu zuten, eta horrekin batera, baita herritarren ekimenek ematen dioten bizitasuna ere".

Hortik abiatu dute lanketa sakonagoa, alkatearen hitzetan, "ez genuelako nahi marka huts bat, lelo polit bat; edukia sortu nahi genuen, akuilu izan eta dinamikotasuna eragingo duen marka bat eraiki". Bide horretan laguntzen ari dira Josu Ozaita antropologoa eta Zura komunikazio taldeko Julen Larruskain.

Hiru lan lerroak

Jorratu nahi dituzten hiru lanketak bertako kultura, tokiko garapena eta identitatea ukitzen dituztela esan du Azkuek. Berastegiko artzaintza "berezia" da, batez ere artzaintza "txikia, anitza eta oso zabala" egiten delako. "Dauden ardi kopuruari esker dago Berastegi hain txukun eta dotore" gehitu du.

Lanketa horretan, Josu Ozaita antropologoak etnografia lan bat egin du Berastegiko artzain eta gazta kulturaren inguruan, eta liburu batean jasotzen ari da. Horrela, Berastegiko artzaintzaren historia bildu, eta herriko adinekoen ahozko ondarea jaso nahi izan du liburuan, baita gaur egungo argazkia eta etorkizunera begirako hausnarketa ere. Ozaitak azaldu duenez, "istorio txikiak jaso ditugu, eta norbanako horien esperientziarekin Berastegiko izaera azaltzen saiatuko gara. Bizipenak daude, lan egiteko moduak, jakintzak eta, batez ere, hausnarketa interesgarriak". 

Liburua udazkenean argitaratzea aurreikusi dute. "Mugarri bat finkatuko du, eta berastegiarren pertzepzioan, nortasunean eta identitatean eragina izango du", esan du antropologoak. Liburua aurkeztu ostean, herriko artzainekin foro bat sortuko dute, hausnarketan jarraitzeko. "Beraiek izango dira aktore, beraien gogoaren arabera bide bat egingo du, eta udala horretan bidelagun izango du", azaldu du Ozaitak. 
Bertako produktuen lanketari dagokionez, produktore eta bertako kontsumitzaileen sarea osatzea dela asmoa esan du Azkuek, izan ere, "pandemiak nabarmen erakutsi du herritarrak prest daudela bertako produktuak kontsumitzeko". Eragile desberdinak hartuko dituzte kontuan horretarako: ekoizleak, herriko denda eta harategiak edota ostalaritza.

Ekainean zehar, herriko ekoizle zein eragileekin hausnarketa bilerak egingo dituztela azaldu du Mikel Beloki zinegotziak. Eta ondoren, uztaila eta iraila artean, "ekintza zehatzak" garatzeko parte hartze dinamikak abiatuko dituzte. 

Eta hirugarren lerroari dagokionez, herriko ondarea landu nahi dute, balioa emateko. Ondare material eta immaterialaren katalogoa osatu nahi dute, txoko kuttunen mapa bat egin eta balioa eman eta zaintzeko. Horretarako, gaurtik aurrera Txoko Klik egitasmoa jarri dute martxan, herritarrek parte hartu dezaten. Ondare material zein immaterialei argazki bat atera beharko zaie mugikorrarekin eta Whatsapp bidez 688 681 952 zenbakira edota kultura@berastegi.eus helbidera bidaltzeko eskatu dute. Izenburu bat jarri beharko zaio, eta non dagoen azaldu beharko da. Horrekin batera, 2-3 esalditan txoko hori zergatik aukeratu duzun arrazoitzeko eskatu dute.  

Arrazoi ezberdinengatik izan daitekeela ondarea azaldu du Belokik: "Balio historiko, arkitektoniko, kultural, natural, paisaia, etnografiko, edo baita oroitzapen edo emozioak mugitzen dituelako ere izan daiteke ondarea". Parte hartzaile bakoitzak nahi adina argazki bidali ahalko ditu uztailaren 2a bitarte. Bitartean, sare sozialetan zabalduko dituzte. Parte hartzaile guztien artean herriko 12 gazta zozketatuko dira. Argazki bakoitzarengatik, zenbaki bat emango da. 

Lortutako materialarekin txosten bat osatuko dute eta mapa bat osatuko da. Horrez gain, bide bat ere muntatuko dute puntu esanguratsuenak zeintzuk diren zehazteko. "Modu dinamikoan herriko ondarea zein den azaltzea izango da helburua", azaldu du Beloki zinegotziak. 

Egitasmo honez gain, urri aldera, gazta tertulia bat egitea ere aurreikusi dute, world kafe dinamika Berastegira egokituta. "Herritarrak talde txikitan mahai baten bueltan bildu, eta gazta dastatuz, herriko ondare eta turismoaren inguruan hausnartzeko tartea hartuko du", azaldu dute. Izan ere, ondarearekin lotuta turismoaren gaia dagoela azaldu du alkateak. 

Honenbestez, urtea bukatu arteko parte hartze lanketan, etorkizuneko Berastegi irudikatu eta hura lortzeko ekimen zehatzak egiteko izango dela esan du Azkuek. "Egiten ari garena herri proiektu bat da, bertako ekonomian, nekazaritzatik ateratako produktuetan, turismoan eta bertako eragile ekonomikoetan eta artzaintzan nabarmen eragingo duena". 

Proiektu estrategikoa

Herri proiektuaren barnean landu duten beste atala larre komunalen proiektua izan da. Gaur goizean, larre horietan, Gorosmendiko eremuan egin dute prentsaurrekoa, tokiko garapenean aurrera eramaten ari diren prozesuen berri emateko. "Gorosmendi erabilera jakinik gabeko eremu izatetik Berastegiko proiektu estrategiko izatera igaro da", esan du Andoni Zuriarrain zinegotziak.

2018an egin zituzten lehenengo lanak eremu horretan, eta egun, 45 hektarea daude larreetarako prestatuta. Aurten, 18 abeltzainek egin dituzte eskaerak larreak erabiltzeko, eta guztira, 522 ardi, 49 behi, 26 behor eta 30 ahuntz eraman dituzte mendi horretara. "Argi dago proiektua indarra hartzen ari dela, eta herritarrek bere sentitzen dutela eremua", gehitu du. 

«Martxan ditugun ekimen hauek guztiak estrategikoak dira; herritarrekin Berastegi eraikitzen eta lehen sektoreari bultzada ematen jarraituko dugu, aurrera begiratuz, eta batez ere, artzaintzak duen garrantzia baloratuz», esan du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!