Abian da Berastegiko IV. Mikro-ipuin lehiaketa

Ataria 2021ko ots. 24a, 07:58

Adin guztietako herritarrek izango dute parte hartzeko aukera. Lanak martxoaren 31 baino lehen bota beharko dira udaletxeko postontzian.

Berastegiko udal liburutegiak laugarrenez antolatu du mikro ipuin lehiaketa. Aurten ere, herritar guztiek izango dute ipuina idatzi eta aurkezteko aukera, martxoaren 31 baino lehen. Egun horretarako, lanak udaletxeko arkupeetan dagoen postontzira bota beharko dira.

Parte hartu nahi duenak gehienez 100 hitzetako ipuina idatzi beharko du, gaia librea izanik, eta euskaraz. Aurrez sarituak izan diren obra original eta argitaratu gabeak izan beharko dute. Egileak lanaren kopia bat aurkeztu beharko du ordenagailuz idatzita, Arial 12 formatuan eta biko tartez. Izenburu bat ere jarri beharko zaio, eta sinatu gabe entregatu behar da. Gutun-azal batean entregatuko da eta lehiatuko den kategoriaren zenbakia idatzita izan beharko du agerian. Horrekin batera, beste gutun-azal bat bidaliko da, kanpoaldean lanaren izenburua eta barruan egilearen izen-abizenak, helbidea, adina, telefonoa eta helbide elektronikoa zehaztuz.

Hiru kategoriatan banatu dute aurtengo edizioa ere. Batetik, lehen kategorian, Lehen Hezkuntzako ikasleek hartu ahalko dute parte, hau da, 12 urte artekoek. Bestetik, bigarren kategorian, DBHko ikasleek, 12-16 urte artekoek. Eta azkenik, hirugarren kategoria helduena izango da, 16 urtetik gorakoena.

Lanak epaitzerakoan, epaimahaiak originaltasuna, euskara maila eta narrazioaren egitura hartuko ditu kontuan.

Sariei dagokienez, kategoria bakoitzeko lehenengoak 50 euro eta Astiz liburu dendako txekea eskuratuko ditu, eta kategoria bakoitzeko bigarrenak, berriz, 30 euro eta Astiz liburu dendako txekea. Sari banaketa apirilaren 23an egingo dute, 19:00etan, udal liburutegian.

Beste edizioetan bezala, oraingoan ere ipuin sarituak 2021eko Aidanen aldizkarian argitaratuko dituzte, eta gainerako lanak liburutegiko web orrian izango dira irakurgai.

IRAKURLE KLUBA

Pasa den astean egin zuen bigarren saioa Berastegiko irakurle klubak. Amets Arzallusek idatzitako Miñan liburua aztertzeko tartea hartu zuten bertaratu zirenek, eta hurrengo saioan aztertuko duten liburua ere zehaztuta utzi zuten: Uxue Alberdiren Dendaostekoak.

Datorren saioa, beraz, martxoaren 25ean izango da, 18:00etan, udal liburutegian. Talde irekia denez edonork hartu dezake parte, eta aurrez izena ematea gomendatu dute liburutegia@berastegi.eus helbidean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!