«Kokedama goroldio bola bat da eta edozein landarerekin egin daiteke»

Irati Saizar Artola 2021ko urt. 14a, 07:59

Kokedama teknikaren bitartez, landareak ontzi batean sartu beharrean, goroldioz estaltzen dira; Joserra Kaminos lorezainak teknika horren oinarriak azalduko ditu urtarrilaren 24an Berastegin emango duen tailerrean.

Urtarrilaren 24an kokedama tailerra eskainiko du Kaiz lore dendako Joserra Kaminosek Berastegin. Teknika japoniarraren oinarriak ezagutzeko aukera izango da eta parte hartzaileek hiru kokedama osatuko dituzte ondoren etxera eramateko. Abenduan tailer bera eskaini zuen Altzon eta esan duenez, arrakasta «handia» izan zuen.

Izena emateko 943 65 22 24 zenbakira deitu daiteke edota kaizloreak@gmail.com helbidera idatzi.

Zer da kokedama?

Teknika japoniar bat da, duela 500 urtetik ezagutzen dena. Kokedama hitzak goroldio bola esan nahi du eta edozein landarerekin egin daiteke, bai barrukoekin eta baita kanpokoekin ere. Bonsaiaren antza duela esan ohi da; bonsaiak ontzian egiten diren bezala, hauek lurrarekin eta goroldioarekin egiten dira, ez dute ontzirik behar. Esaten dute pobreen bonsaiak direla. Baina, guretzat, lorezainontzat, apaingarri moduan erabiltzeko teknika bat da.

Goroldioarekin bildu ohi da beraz. Baina barruan zer eramaten du?

Landarea hartzen dugu lehenik, eta substratua jartzen zaio ondoren. Landare bakoitzari beharrezkoa duen lurra jartzen zaio ordea: ez da berdina kokedama bat barruko landare batekin egitea, turba substratua jarri behar zaiolako, edo txilarrarekin edota hortentsia batekin egitea, turba behar duelako baina baita lur azidoa ere.

Behin lurra jarrita, goroldioz estaltzen da. Eta goroldio hori biodegradablea den hari batez lotzen da. Haria ikusten ez dela jar daiteke edo haria apaingarri moduan koloretan jar dakioke. Goroldioak, azken batean, ontzi baten funtzioa egiten du. Teknika orokorrean denentzat berdina da, kontuan izan behar dena da zer landare mota jartzen den eta zer osagai behar dituen.

Beraz, landare bat ontzi batean egon edo goroldioz estali, gauza bera al da?

Bai, berdina da. Begi bistarako aldatzen da, apainagoa baita eta naturala da. Normalean forma borobila ematen zaio, baina forma hori polita delako soilik egiten da, karratua edo beste edozein forma izan dezake.

Goroldio zati handiak beharko dira guztia estaltzeko.

Ez du zertan. Teknika baten bidez egiten dugu guztia, bai goroldioa jartzea eta baita hariarekin lotzea ere.

Nola zaindu behar dira?

Ezin zaio beste landare askori bezala ura goitik bota. Oso konprimatuta egon ohi da eta goitik botaz gero ez du urik hartzen. Ureztatzeko, ontzi bat urez bete behar da eta kokedama ur gainean jarri. Flotatzen geratzen da lehenik eta 10-15 minutu pasatzean hondoratu egiten da; horrek esan nahi du ureztatuta dagoela, nahikoa ur hartu duela. Landarearen arabera, eguraldiaren arabera, aldatu egiten da ureztatzeko maiztasuna.

Behin kokedama eginda, zintzilik ere jar daitezke.

Hariz lotuta daudenez, gantxo moduko bat jartzen diegu eta zintzilik jarri daitezke apaingarri moduan nahi izanez gero. Baina edozeren gainean ere jar daiteke, oinarri baten kontra, bakoitzaren gustuaren arabera.

Tailerrak nola prestatu dituzu?

Nik eraman ohi dut material guztia, landareak, lurra, goroldioa... beharrezko elementu guztiak. Parte hartzen dutenek gogoa eraman behar dute soilik. Bakoitzak hiru landare lantzen ditu. Txiki batekin hasten gara eta beste bi handiago egiten ditugu. Eta barazkiekin kokedama nola egin daitekeen ere erakusten diet: letxugarekin, perrexilarekin, marrubiekin... Oso polita da, egia esan.

Letxuga bat, esaterako, kokedaman jarrita berdin-berdin haz daiteke?

Bai, bai, eta izugarri polita da gainera. Berdin hazten da eta jateko berdin-berdin balio du. Udaberrian egin genituen letxugekin kokedamak eta zoragarriak atera ziren.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!