«Asmoa ez da nik hitz egitea, jendea zirikatu nahi dut hitz egitera bultzatzeko»

Tolosaldeko Ataria 2021ko urt. 13a, 07:59

Irakurle klubeko dinamizatzailea izango da aurrerantzean Ione Gorostarzu berastegiarra. Ilusioarekin eta gogoz dagoela esan du taldea martxan jartzeko, eta biharko saioan otsaileko liburua zehaztuta utzi nahiko luke.

Irakurle talde bat dinamizatzen duzun lehen aldia al da?

Ez, duela urte batzuk Amezketan aritu nintzen dinamizatze lanetan, eta orain herrian bertan arituko naizenez ilusioa egiten dit eta gogoz nago.

Nola iritsi zaizu aukera hori?

Amaia Azkue alkateak deitu ninduen irakurle kluba sortzeko asmoa zutela komentatzeko. Egia esan sekulako poza hartu nuen. Iruditzen zait Berastegin horrelako ekimen bat martxan jartzea gauza polita dela, eta dinamizatzaile izateko proposamena egin zidanean, segituan eman nuen baiezkoa. Taldea sortzera zihoala jakiteak ilusioa egin zidan, eta zer esanik ez nirekin gogoratzeak.

Nola antolatu duzu lehen saioa?

Nire lana, orokorrean, taldea gidatzea izango da. Liburua bigarren aldiz irakurtzen ari naiz eta niretzat esanguratsuenak diren puntuekin gidoi bat ari naiz prestatzen. Hala ere, helburua ez da izango nik hitz egitea, baizik eta nire asmoa jendea zirikatzea da, hitz egitera bultzatzeko. Hortaz, galdera edo puntu batzuk apuntatu ditut eta ondoren, jendeak parte hartzea nahiko nuke. Eta nik esandako puntuez aparte, edozein ekarpen interesgarri egiten badute parte hartzaileek, hortik ere joan gaitezke. Saio irekia izango da.

Irakurritakoa komentatzeko lekua izango da, beraz.

Guztiari begiratuko diogu, bai. Izan daiteke bai forma aldetik, baina baita kontatzen den edukiaren aldetik ere. Nola sentiarazi gaituen, zer ikusi dugun, gustatu zaigun edo ez... Liburuaren inguruan tertulia bat egitea izango da, horrela, gainerakoen ikuspuntuak ezagutzeko aukera izango dugu.

'Aitaren etxea' eleberria aztertuko duzue. Zer dela eta?

Alkatearen deia jaso nuen momentuan bertan erabaki genuen. Alde batetik, denen ahotan dabilen liburua delako aukeratu dugu. Irakurle talde batean komentatzeko, eta aztertzeko lehen liburua izateko, oso liburu egokia iruditzen zait. Gai asko ukitzen ditu, gainera. Azken boladan, irakurle talde askotan ari dira eleberri hori lantzen. Horrez gain, iruditzen zait irakurri beharreko liburu bat ere badela, azken urte hauetako liburu garrantzitsu bat izan da nire ustez. Gainera, puntu eta ertz asko dituenez, askorako emango duelakoan nago.

Lehen hitzordua finkatuta duzue. Aurrera begira jarraitzea da asmoa?

Jarraipena eman nahiko genioke, noski. Hilabetean behin elkartzea da lehen asmoa. Osteguneko saiora hurrengo hitzorduetan lantzeko proposamen batzuk emateko asmoa dut, baina parte hartzaileen proposamenak ere entzun nahiko nituzke. Horrela, ideia da, ostegunean bertan otsaileko liburua aukeratuta uztea.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!