Bihar jarriko dute martxan Berastegiko Irakurle Kluba

Tolosaldeko Ataria 2021ko urt. 13a, 07:59

Lehen saioan Karmele Jaiok idatzitako 'Aitaren etxea' eleberria aztertuko dute; Ione Gorostarzu herritarra ariko da dinamizatzaile lanetan, bihar, 18:00etan, liburutegian.

Irakurle Klubari ekingo diote bihar Berastegin eta parte hartu nahi duenak badu bertaratzeko aukera oraindik. Aurrez izena emateko eskatu dute, liburutegian bertan, liburutegia@berastegi.eus helbidean edo 637 846 385 zenbakian.

Beraz, Karmele Jaioren Aitaren etxea eleberria irakurrita duen edonork hartu dezake parte. Ione Gorostarzu idazle herritarra arduratuko da saioa gidatzeaz, eta hilean behin elkartzeko asmoa erakutsi dute. Bihar izango da lehena, 18:00etan hasita, udal liburutegian.

Irakurleak erakartzeko

"Badira irakurleak Berastegin, eta ez dira gutxi", dio Arritxu Uranga Berastegiko liburuzainak. Irakurle Klubaren helburua guztiak leku fisiko batean elkartu eta gai beraz hitz egitea dela esan du, "aditu talde bat edo sortzea".

Herriko ohiko irakurleak 50 urtetik gorakoak direla zehaztu du, eta hortaz, jende gaztea erakarri nahiko luketela dio Urangak. "Irakurle Klubaren funtzioa hortik doa pixka bat, irakurzaletasuna bultzatu eta jendea liburutegira erakartzea nahi dugu". Era berean, aipatu du, jende gehienak gaztelaniaz irakurtzeko ohitura duela, eta hor ere jarri nahiko lukete arreta, euskarazko liburuak irakurtzera jende gehiago anima dadin. "Liburutegirako erosten ditudan liburuetatik %50 baino gehiago izaten dira euskaraz, hala ere, jendeak erdarazko ohitura hori du; ea pixkana aldatzen doan".

2016an jarri zen martxan udal liburutegia Berastegin, eta lehen irakurle kluba izango da honakoa. Liburuzainak aurreratu duenez, uste baino jende gehiago apuntatu da dagoeneko: "Gainera, lehen saioa, ezjakintasun horretan, zailena izan daiteke jendea animatzeko; espero dugu aurrera begira kluba handituz joatea, eta jende gehiago animatzea".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!