Berastegiko gaztarik onena Ainhoa Arregirena

Eneritz Maiz Etxarri 2020ko abe. 19a, 18:59

Aurten ohikoa baino beranduago bada ere, Berastegin azoka egin dute goizean. Herrikoek baino ez dituzte jarri postuak, eta gazta, ardi, ahari eta bildots lehiaketako sariak banatu dituzte.  

Herritarrek herritarrentzat eginda, azoka herriko postuekin osatu dute gaur goizean, Berastegin. Urri amaiera eta azaro hasieran ospatu ohi dute kultur astea, baina egoerak bultzatuta Gabonen bueltan egingo dute, eta azokarekin eman diote hasiera.

11:00etan zabaldu dituzte postuak, eta animalia eta hegaztiez gain, bertako baserritarren postuak izan dira pilotaleku barruan. Jan edanerako aukera izan dute, eta maskara eta hidrogelaz gain, ilarak egin behar izan dituzte bai pilotalekuko postuetara sartzeko eta baita Luis Erasoren erakusketa ikusteko. 

Azokak iraun duen bitartean XXIX. Gazta Lehiaketako epaimahaia Berastegiko gaztagileen gaztak dastatzen aritu da. Aurtengo irabazlea Ainhoa Arregi izan da. Bigarren postua Koro Artolak lortu du eta podiuma Iker Ugartemendiak osatu du. Atzetik sailkatu dira Hipolito Lasarte eta Jabier Saralegi. 

Gazta lehiaketaz gain, XII. Ardi, Ahari eta Bildots Lehiaketa ere egingo dute, eta sari hauek banatu dituzte. Ardi onena Bide aurre etxeko Jon Salbarredirena izan da. Bildots onenaren saria Jon Matxinea Maiazkoenea baserrikoak jaso du, eta Aharirik onenarena, berriz, Martintxone txiki baserriko Iker Ugartemendiarentzat izan da.

Behin sariak banatuta azokari bukaera eman diote berastegiarrek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!