Lorez apainduta dagoena sarituko dute Berastegin

Tolosaldeko Ataria 2019ko eka. 7a, 11:58

Leiho, balkoi, terraza eta lorategi lehiaketetan izena emateko epea zabaldu du Berastegiko Udalak.

Berastegiko Udaleko kultura batzordeak hamaikagarrenez antolatu du leiho, balkoi eta terraza lehiaketa, eta bederatzigarren aldia izango du lorategi lehiaketak.

Dagoeneko ireki dute parte hartzeko epea, eta izena bi moduren bidez eman daiteke: udalaren 943 68 30 00 zenbakira deituta edo udaletxeko harrera bulegora bertara joanda. Apuntatzeko azken eguna ekainaren 28a izango da. Honako datu hauek eman behar dira: parte hartzailearen izen abizenak, helbidea, telefono-zenbakia eta zein lehiaketetara aurkeztuko den. Bietan batera ere eman daiteke izena.

Leiho, balkoi, terraza eta lorategiak baloratzeko, uztaileko larunbat goiz bat hartuko dute kultura batzordeko kideek eta, lorezaintza teknikari baten laguntzaz, etxez etxe ibiliko dira puntuazioa jartzen. Bisita horietan, argazkiak aterako dituzte eta udalaren webgunean jarriko dituzte herritar guztiek ikus ditzaten.

Puntuazioa jartzerako orduan, kolorea, landareen aniztasuna, konbinaketa, estetika eta txukuntasuna hartuko dituzte kontuan.

Guztira sei sari banatuko dituzte, modalitate bakoitzeko hiru. Sari banaketa Salontzotako herri-afarian egingo dute, eta sariak ziklikoki banatuko dituzte, ahalik eta parte hartzaile gehien saritu ahal izateko, hau da, iazko irabazleek aurten ez dute saririk jasotzerik izango, baina datorren urtetik aurrera sarituak izan daitezke.

Lehiaketa aurrera eraman ahal izateko, gutxienez, bost parte hartzailek eman beharko dute izena. Beraz, kultura batzordekoek azaldu dutenez, «bost lagun baino gutxiago apuntatzen badira, lehiaketa bertan behera geratuko da».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!