Amaia Azkuek jarraituko du alkatetzan beste lau urtez

Irati Saizar Artola 2019ko maiatzaren 27a

EH Bilduk 6 hautetsi lortu ditu, eta Beasti Bizi taldeak 3 hautetsi izango ditu datozen lau urteetan; 398 boto lortu ditu koalizioak eta 254 boto jaso ditu Beasti Biziren zerrendak

EH Bildu, Beasti Bizi eta PSE-EE alderdiak aurkeztu dira Berastegin. Jokoan zeuden 9 hautetsietatik 6 lortu ditu EH Bilduk eta beste hirurak Beasti Bizik eskuratu ditu. Beraz, gaur egungo alkateak, Amaia Azkuek, jarraituko du datozen lau urteetan.

676 bizilagunek bozkatu dute eta 398 boto EH Bildurentzat izan dira, 254 boto Beasti Bizirentzat eta 6 boto eskuratu ditu PSE-EEk. Boto zuriak 12 izan dira eta 6 boto baliogabe kontatu dituzte.

Duela lau urteko boto kopuruarekin alderatuta, EH Bilduk gora egin du; duela lau urte 325 boto jaso zituen, atzo baino 73 gutxiago. EAJk azken hauteskundeetan 3 hautetsi lortu zituen eta aurten ez da aurkeztu.

Berastegin nabarmen egin du gora parte hartzeak. Azken hauteskundeekin alderatuta %15,96 hazi da.

Azkue, pozarren

Amaia Azkue Berastegiko alkateak emaitzekin "oso-oso pozik" daudela azaldu du: "Duela lau urtetik boto kopuruek gora egin dute eta pozgarria da herritarrengandik jaso dugun babesa", esan du. "Hauteskunde hauek esan digutena da, gure eredua herrian sendotu eta errotu dela". Orain sortuko duten udal gobernu berria pozarren ikusten du, "herritarrek osatuta delako, ez orain geunden bezala". Bestalde, Beasti Bizi taldeko Ainhoa Montesek ere "oso positibo" ikusi du emaitza. "Indarberrituta gaude, lanean hasteko irrikan; elkarlanean arituko gara udalean izango dugun beste indarrarekin", azaldu du. "Berastegi dugu helburu eta hori da gure hitza".

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!