Elkarlanerako prest azaldu da Beasti Bizi

Ataria 2019ko mai. 31a, 08:57

EH Bildurekin batera, herriaren alde lan egiteko prest daude. Gainera, botoa eman dieten 254 berastegiarrak eskertu dituzte.

Beasti Bizi herri hautagaitzak bere esker ona azaldu dio Berastegiko herriari. Aitor Lizarza zerrendaburu eta zinegotzi berriaren hitzetan, «hautagaitzak eskerrak eman nahi dizkie gugan konfiantza jarri duten 254 Berastegiko herritarrei, udal hauteskundetan izandako parte hartzeagatik. Herritarrek hitz egin dute, eta beraiena izan da erabakia».

Jasotako babes horri esker, hurrengo agintaldian izango dira, hiru zinegotzirekin. «Berastegi biziberritzeko eta herritar guztion alde lan egiteko prest gara. Herri hau osatzen dugun gizon eta emakumeen ongizatea dugu helburu, eta hori bultzatuko dugu udaletik». Horrekin batera, Beasti Bizik, udal hauteskundeak irabazi dituen EH Bildu taldea «zoriondu» nahi du: «Elkarlanerako gure prestutasuna azaldu nahi dizuegu, elkarrekin Berastegiren alde ekiteko, eta auzolan horretan bat egiteko».

Udal hauteskundeetara lehen aldiz aurkeztu den hautagaitzak botoen %38,60 lortu ditu, eta hiru hautetsirekin sartu da udalean. Udalbatza berrian ondorengo zinegotziak izango dira: Aitor Lizarza, Ainhoa Montes eta Ainara Ciaurriz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!