Aitor Lizarza izango da Beasti Bizi taldeko alkategaia

Tolosaldeko Ataria 2019ko mar. 30a, 15:27

Aitor Lizarza buru dela, Beasti Bizi taldeak gaur aurkeztu du bere zerrenda herritarren aurrean. Alkategaiak hurrengo lau urteetarako lan ildoen berri eman du, bere taldeko hautagaiak alboan dituela.

"Herri talde gisa aurkezten gara, siglen gainetik, eta Berastegi helburu", esanez hasi da Aitor Lizarza. 2007-2011 legealdian alkate izana da berastegiarra. Maiatzean izango diren udal hauteskundeei begira, talde independente bat osatu dute: Ainhoa Montes, Ainara Ciaurriz, Koldo Ordozgoiti, Felix Saizar, Sebas Gartziarena, Joxean Garmendia, Olaia Martin, Iñigo Aranalde, Igone Azpiroz eta Mari Jose Carrera. Sektore eta ikasketa ezberdinak dituzten kideez osatutako taldea da.

Beasti Bizi izenaren arrazoiak azaldu ditu lehenik eta behin: "Lelo motza eta indarra duena da. Alaia. Zentzu positiboa transmititzen duena da, eta dena hartzen duelako". Guztiak herritarrak izanik, herriko beharrak oso ondo ezagutzen dituztelako sortu dela taldea adierazi du, eta Berastegi hobetu dezaketela sinesten dutelako. Berastegiko gizon eta emakumeen ongizatea eta berdintasuna lortu nahi dute, eta azpimarra elkarlanean jarri du alkategaiak: "Elkarlana egin behar dugu. Bai herritarrekin eta baita elkarteekin ere. Jakinda, Berastegin bizitzeko guztion beharra dugula". Era berean, kanpoko erakundeetatik dirua lortzeko ahaleginak egingo dituztela nabarmendu du.

Herrira begira jarrita, hainbat puntu edo helburu aipatu ditu: Berastegi bizitu; gazteak herrian geratu daitezen, lanpostu, etxebizitza eta festa giroa sortu; kanpoko jendea erakarri komertzio edo turismo bidez; baliabide berriak eskaini... Erronketako bat hondakinetan jarri dute, eta 5. edukiontziaren aldeko apustua egingo lukete. Muñagorri Herri Eskolako kirol gunea estaltzea nahi dute, eskola eta herri erabilerarako. Edota, aparkaleku azpiko gunea gimnasio bilakatu.

Artalekun industria gunea bultzatu nahi dute. Bestetik, eliza, hilerria eta Jauli arteko hirigunearen txukuntzea eta egokitzea bideratzea izango dute egitekoetako bat. "Urruti ikusten den arren, Leitzaran eta Plazaola Berastegiratu egin nahi ditugu", gaineratu du eta Elduarako, auzokoekin hitzartutako sustatze planari ere garrantzia eman nahi izan dio. Nahi eta nahiez egin beharrekotzat jarri du, herri barruko trafikoak aztertu eta irtenbideak eskaintzearena. Euskara bizi eta euskara bizitzeko ardura ere hartuko dute, eta beste hainbat erronka ere zerrendatu  ditu hurrengo lau urteei begira.

Informazio guztia eskuratu nahi duenarentzat webgune berria sortu dute: www.beasti-bizi.eus. Ideia, kezka edo kexen berri emateko ere baliatu daiteke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!