Mozorro eta algara festa Berastegin

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko otsailaren 23a

Berastegin inauteriak ospatzen ari dira asteburu honetan; gaur, herritarren eskutik, mozorro desfileaz gozatzeko aukera izan da. Jende ugari bildu da plazan koreografia eta antzezlan umoretsuak ikusteko.

Atzo hasi eta gaur bukatu. Aurten, iaz ez bezala, asteburu bakarrean ospatzen ari dira inauteriak Berastegin. Atzo arratsaldean herritarrek izan zuten zer ikusi eta zertaz gozatu: Eskolako haurren desfilea, dantza, trikiti eta txistu emanaldiak, txokolate jatea eta pintxo potea.

Gaur, ordea, egun beteagoa izaten ari dira. Goizean hasi dira hamaiketakoarekin eta altxorraren bila jolasarekin. Ondoren, herritarren antzezlanak eta dantzak ikusteko aukera izan da. Gainera, herritar ugari hurbildu dira plazara, guztiak mozorrotuta, ikuskizun desberdinez gozatzeko.

Izan mexikar doinu eta kantuekin, plazan igerilekua jarriz, butanoa harria bezala altxaz edo zirku erraldoi baten bitartez, guztiek ere umore ukitu bat eman nahi izan diete euren emanaldiei. Herriko gertaerak edo bromak hartu, eta talde edo kuadrilla bakoitzak bere erara parodiatu du.

Hona hemen goizeko emanaldiak:

Emanaldien ondoren herri bazkarirako bildu dira berastegiarrak, eta bazkal ostean, mozorroak gainetik kendu gabe jarraituko dute festaz gozatzen. Arratsaldean, Matraka elektrotxaranga arituko da tabernaz taberna, eta iluntzean, luntxa egingo dute Urepele elkartean, Josu Rodriguez DJ-ak festen amaiera girotu aurretik.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!