Mahaiaren bueltan, aurreiritziak hausten

Irati Saizar Artola 2018ko azaroaren 13a

Bizilagunak Berastegin. Argazkia: Irati Saizar

Zortzi bazkari, 16 familia eta 71 pertsona. Horiexek dira Bizilagunak egitasmoak 2018an Tolosaldean utzi dituen datuak. «Errepikatzeko moduko esperientzia» bizi dutela nabarmendu dute parte hartzaileek.

Irati Saizar kazetariak barru barrutik bizi izan du aurten Bizilagunak egitasmoa. Jatorri nikaraguarreko hiru lagun hartu zituzten Berastegin, eta hauxe da bizitakoaz egin duen kontakizuna:

Azaroak 11, igandea. SOS Arrazakeriak antolatutako Bizilagunak programako bazkaria egiteko eguna. 58 nazionalitate ezberdinetako 2.540 pertsona inguru bildu ginen Euskal Herri osoko etxe eta txoko ezberdinetan, mahaiaren bueltan, gizartean sortzen diren aurreiritzi eta estereotipoak albo batera uzteko asmoz.

Lehengusinarekin batera hartu nuen parte, anfitrioi modura, eta jatorri nikaraguarreko hiru lagun hartu genituen etxean, dinamizatzaile alkizarra tarteko. Elkartu berritan, eguerdian, Berastegi ezagutzeko paseotxo bat eman genuen, aurrez aurre mahaian esertzea bortitz xamar gerta zitekeelakoan.

Behin izotza hautsi eta konfiantza sendotutakoan, hitz egiteko txanda eskatu beharrean aritu ginen mahaiaren bueltan. Haien jakin-mina eta gure kuriositatea asetzeko balio izan zuen jardunak. Konparaketa izan zen bazkariko ardatz, hango eta hemengo. Egia esan, menuak ez zuen halako garrantzirik hartu elkarrekin egondako denbora hartan, elkarrekin egoteak hartu baitzuen pisurik handiena. Esperientzia moduan aurreikusitakoa, harreman polit bat sortuta amaitu zen.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!