Kultur Astera begira jarri dira berastegiarrak

Rebeka Calvo Gonzalez 2018ko urr. 4a, 11:00

Berastegiko Kultur Astea urriaren 25etik azaroaren 4ra luzatuko da; Azoka Egunerako izen emateak zabaldu dituzte jada.

Aste batzuk geratzen dira oraindik Berastegiko Kultur Asterako, baina egitaraua bera lotzearekin batera, Kultur Asteak urtero biltzen dituen bi ekitaldietako izen emateak ireki dituzte jada. Batetik, XXI. Argazki Rally Herrikoia egingo dute eta izena urriaren 11n eman beharko da. Bestetik, Azoka Eguna izango dute azaroaren 4an eta bertan ospatzen dituzten lehiaketetarako izen emateak ere zabaldik daude jada.

ARGAZKI RALLYA

XXI. Argazki Rally Herrikoia urriaren 11tik 15era luzatuko da. Izena urriaren 11n bertan eman behar da, 20:00etan udal bulegoetan, eta bukatu ere ordu eta leku berean bukatuko da, urriaren 15ean. Lehiaketan era analogikoan edo digitalean hartu daiteke parte eta gaiak izen ematearen egunean bertan jakinaraziko dizkiete parte hartzaileei.

Bai era digitalean eta baita analogikoan parte hartzen dutenek ere Berastegiko mugen barruan egin beharko dituzte argazkiak, eta era digitalean parte hartzen dutenek ezingo dituzte argazkiak photoshop, picassa edo horrelako programa baten bidez manipulatu. Parte hartzaileek hiru argazki aukeratu beharko dituzte eta udal bulegoetan aurkeztu; digitalekoek urriaren 15ean 20:00etan, eta analogikokoek urriaren 19an ordu berean. Epaimahaiak aukeratutako argazki guztien artean modalitate bakoitzeko hiru onenak sarituko ditu. Irabazleak azaroaren 4ko Azoka Egunean ezagutaraziko dituzte, eta argazki guztiak www.berastegi.eus webgunean eta aparkaleku azpiko lokalean jarriko dituzte ikusgai, Kultur Asteak irauten duen bitarte.

AZOKA EGUNA

XX. Azoka Egunarekin amaituko da Kultur Astea azaroaren 4an. Egun betea izaten da eta jai egunetako musika eta azokako postuez gain, hainbat lehiaketa izaten dituzte. Eguraldiaren arabera azoka frontoian edo plazan egingo dute 11:00etatik aurrera, eta gazta; postu; ardi, ahari eta bildots; eta animali lehiaketak egingo dituzte.

Udalak jakinarazi duenez, XX. Postu Lehiaketan herriko eta herritarren produktuez osatutako postuek bakarrik hartu ahal izango dute parte eta sari bakarra egongo da. X. Ardi, Ahari eta Bildots Lehiaketan ere herriko edozein artzainek parte hartu dezake. Partaide bakoitzak ardi, ahari eta bildots bana aurkeztu beharko ditu, muturgorri edo muturbeltz. Norberak eraman beharko ditu azoka lekura 10:00etarako, eta hiru sari emango dituzte.

XII. Animali Erakusketarako edozein mota eta tamainako animaliak aurkeztu daitezkeela argitu du udalak eta ordaina izango dutela.

Eta XXVII. Gazta Lehiaketan parte hartu nahi dutenak 10:00etarako eraman beharko dute gazta azokako gunera. Parte hartzaileak herrikoak behar dute izen, norbere etxeko ardi-esnearekin egindako gazta aurkeztuz. Egile bakoitzak gazta bakarra aurkeztu dezake eta ordainketa izena ematerakoan egin beharko da, kiloko 15 euro ordainduz. Epaimahaiak 11:30etik 13:00etara hartuko du erabakia, eta bost sari banatuko ditu: 150 eurotik hasi eta 50 euro bitarte.

Azoka Eguneko lehiaketetan parte hartzeko izena urriaren 19a arte eman behar da udaletxera deituz (943 68 30 00) edo kultura@berastegi.eus helbidera idatziz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!