Berastegiko Salontzo jaiak 2018:

Paxakako lehen txapelketak ikusmina piztu du Berastegin

Mikel Iraola 2018ko abuztuaren 8a

Aitzina bateko ohiturak berreskuratuz, Paxaka txapelketa jokatu dute Berastegiko udaletxearen azpian. Frontoi eraberrituan, aldiz, pala eta haurren frontenis txapelketako finalak jokatu dituzte.

Berastegiko jaien lehen egunean kirola izan da nagusi. Hiru txapelketetako finalak jokatu dituzte goizean. Aurtengo berezitasuna Paxaka txapelketa izan da. Aspaldi jokatzen zen –herritar baten esanetan, udaletxearen arkupeetan ba omen ziren arrastoak–, baina galdua zuten pilota modalitate honetan jokatzeko ohitura. Aurten berreskuratu dute, eta txapelketak ikusmina piztu du.

Finalean Unai Ontsalo eta Mattin Intxaurrondo nagusitu dira, Aitor Otxandorena eta Beñat Salbarrediren aurka. 11-7 irabazi du lehen bikoteak.

Hirugarren eta laugarren posturako lehian, berriz, Iñigo Gorostarzu eta Aitor Etxeberria, eta Ander Zubillaga eta Julen Garaiburu aritu dira. Azken hauek irabazi dute, 9-11.

Plazan paxakan jokatzen ari ziren bitartean, Ipuliño pilotalekuan nesken pala finalak jokatu dituzte. Oihane Zubiriak eta Mireia Barriolak osatutako bikoteak lortu du garaipena, 30-20, Ane Urkizu eta Lierni Gartziarenaren aurka.

Txupinazoaren aurretik, berriz, haurren frontenis txapelketako finalak jokatu dituzte. Binakakoan Kristian Labaien Paulino eta Eneko Bereau Azpiroz nagusitu dira, Enaitz Zubillaga Eskudero eta Josu Aranalde Fernandezen aurka. Banakako txapelketa ere Kristian Labaien Paulinok irabazi du, eta Jon Olaetxea Alduntzin izan da txapeldunorde.

Erlazionatuak

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!