Bote luze ikastaroa eskainiko dute Berastegiko plazan

Tolosaldeko Ataria 2018ko eka. 5a, 11:56
Bote luzean, Amezketan

Larraulgo Murgilazpi kirol elkarteak eskainiko du ikastaroa; ekainak 29 da izena emateko azken eguna.

Berastegiko Udalak bote luzean ikasteko aukera eskainiko du. Larraulgo Murgilazpi kirol elkarteak eskainiko du ikastaroa. Plazan egingo dute uztailaren 9, 11, 16 eta 18an. 16 urtetik beherakoak 16:30etik 18:00etara ariko dira eta 16 urtetik gorakoak ondoren, 18:00etatik 19:30era. Izena emateko azken eguna ekainaren 29a da eta kultura@berastegi.eus helbidean edo udal bulegoetan eman daiteke.

Luzeko pilota jokoa denez, bote luzean aurkariak aurrez aurre egoten dira, eta pilotak ez du hormarik jotzen. Aurrez aurre jokatzen den modalitatea da bote luzea, hau da, plazan elkarren aurrean kokatzen dira bi taldeetako jokalariak, bost talde bakoitzeko. Gaur egun jokatzen diren ezker paretako pilota modalitateen aitzindariak dira joko zuzenak eta horietan zaharrena da bote luzea. Duela 1.500 urte mendietan jokatzen zuten artzainek, eta gerora, denboraren poderioz, herrietan jokatzen hasi ziren, eta plazak erabiltzen ziren horretarako. Berastegiko plaza duela gutxi eraberritu zuten eta garai batean hainbat pilota modalitatetan jokatzeko lurrean zeuden arrastoak errespetatu dituzte. Zoru mota batean garai bateko pilota jokoaren eremua mantendu dute eta pilota jokatzeko marrei erabilera bikoitza eman diete, jokorako eta gauean argiztapen berezia emateko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!