Euskal Jaia ospatuko dute Berastegin laugarren aldiz

Ataria 2018ko maiatzaren 29a

Urepele Kultur eta Kirol Elkarteko kultur taldeak antolatu du Euskal Jaia. Larunbatean izango da, ekainak 2, eta gutxi gorabehera urteroko ekitaldiak bildu dituztela diote elkartetik, "orain arte arrakastatsua izan da, eta seguru aurten ere horrela izango dela".

Euskal Jaia IV. Pintxo Lehiaketa herrikoiarekin hasiko dute. 2 edo 4 partaideko taldeak osatu behar dira eta 10 pintxo egin beharko dituzte, horietako bi epaimahaiko kideei emateko. "Iaz 8 taldek eman zuten izena, ea aurten ere talde asko elkartzen garen", esan du Urepeleko Irati Saizarrek.

Herri bazkaria ere egingo dute. Urepelek kafea, kopa eta edaria jarriko ditu eta janaria norberak eraman beharko du. Txartelak 5 euro balio du 16 urtetik gorakoentzat eta gazteagoak direnek doan izango dute edatekoa. Izena maiatzaren 31 baino lehen eman behar da Urepelen bertan, Ategin edo udaletxean.

Aurtengo egitaraua "gutxi gorabehera urterokoa" dela diote, baina bada aldaketarik. Izan ere, frontoia ezin da erabili eraberritzen ari direlako eta beraz, euria egiten badu ekitaldiak aparkaleku azpian edo udaleko erabilera anitzeko gelan izango dira.

Saizarrek azaldu duenez, duela lau urte hasi ziren Euskal Jaia antolatzen: "Kultur taldean urteko plangintza egiten hasi ginen, hilabetez hilabete ekitaldiak antolatuz, herriari bizitasuna emateko, eta ekaina eta uztaila artean ez zegoela ezer ikusita Euskal Jaia antolatzea erabaki genuen. Zelatungo erromerian oso gustura aritzen gara eta herrian horrelako zerbait egin nahi genuen".

Egitaraua

Ekainak 2

  • 11:00. IV. Pintxo Lehiaketa Herrikoia.
  • 12:00. Herriko trikitilarien emanaldia.
  • Ondoren, pintxo dastatzea eta sari banaketa.
  • 14:30. Herri bazkaria.
  • 17:30. Euskal jolasak.
  • Jarraian, erromeria Elizagoien ahizpen eskutik. Jaia luzatzeko luntxa egongo da Urepelen.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!