Bi asteburu, Berastegiko inauteriak ospatzeko

Rebeka Calvo Gonzalez 2018ko urt. 25a, 10:05

Urtarrilaren 27an eta otsailaren 2an izango dira Berastegiko inauteriak, Negu Trail proba dela eta; eskolako haurren kalejira astebete atzeratu dute.

Urte batzuk dira jada, Berastegin inauteriak berreskuratu zituztela. Herri gehienetan bezala, Frankismoan debekatu egin zituzten, eta beraz, neguko festa berezi eta alaia ospatzeari utzi zioten, baina gerora berriz ere txertatu zuten jaia egutegian.

Azken urteetan asteburu bakar batean, bi egunez, ospatzen dituzte inauteriak, ostiralez eta larunbatez, hain justu, baina aurten Negu Trail proba ere badute herrian, eta beraz, datak aldatu behar izan dituzte. Urtarrilaren 27an izango da herritarren kalejira eta bazkaria, eta eskolako haurren jai eguna berriz, otsailaren 2ra atzeratu dute. «Tolosako Kaldereroekin ospatzen genituen inauteriak, asteburu berean, baina aurten ostiralean egin ohi dugun eskolakoen jaia, astebetez atzeratzea erabaki dugu, eta otsailaren 2an izango da», esan du Leire Garaiburu Kultura zinegotziak.

Urtarrilaren 27an plazan egin ohi duten hamaiketakoarekin hasiko dituzte inauteriak, eta gero altxorraren bila erraldoi bat egingo dute herrian zehar. «Giro ona sortzen da, eta nahi duen guztiak hartu dezake parte; helduak, haurrak eta gazteak, guztiak elkarrekin aritzen gara», esan du Garaiburuk.

Mozorroen kalejira eta taldeka prestatutako koreografiekin 13:30ak inguruan hasiko dira, eta iaz bezala, herrigunean ariko dira. «Lehen baserriz baserri ibiltzen ginen, baina ibilbide luzea zen, batzuk beranduago iristen ziren... Iaz lehen aldiz, herrigunean geratu ginen, eta aurten berriz ere errepikatuko dugu», gaineratu du zinegotziak.

Herri bazkaria ere egingo dute eta iazko lehiaketa errepikatuko dute. «Bazkaltiarrek mozorrorik onena aukeratu ahal izango dute. Irabazten duenak aza bat jasoko du eta giro oso ona sortzen da», esan du. Iaz, errekortariz ateratako kuadrillak irabazi zuen aza preziatua eta giro aparta sortu zela gogoratu du Garaiburuk.

Egunak Matraka elektrotxarangarekin jarraituko du eta Urepelen bertan luntxarekin batera jaia luzatzeko aukera egongo dela gogoratu du zinegotziak. Elektrotxaranga lehen aldiz izango da, gainera: «Orain arte erromeria ibiltaria egiten genuen Aikorekin, eta oso gustura, egia esan, baina aurten aldatzea erabaki dugu».

Inauteriak antolatzeko herritar guztiek hartzen dutela parte esan du Garaiburuk, eta batez ere, Urepele biltokiak eta Guraso Elkarteak egiten duten lana txalotu du. «Udalak, Urepelek eta Guraso Elkarteak hartzen dugu dena antolatzeko ardura, baina kanpotik ere laguntza eta proposamenak jasotzen ditugu eta oso positiboa da».

Muñagorriko ikasleek otsailaren 2an erakutsiko dituzte eskolan prestatutako dantza eta mozorroak. Plangintza urterokoa dela esan du Garaiburuk: «14:30ean aterako dira eskolatik eta herrian zehar egingo dute kalejira. Herriko hainbat puntutan dantza egingo dute. Urtero gai bat aukeratzen dute eta horren inguruko mozorro eta dantzak egiten dituzte. Herritar asko biltzen dira eskolako haurren kalejira ikusteko».

Arratsaldean berriz ere egingo dituzte dantzak.

2017ko mozorro desfilearen argazki galeria

EGITARAUA

Urtarrilak 27, larunbata

11:30. Hamaiketakoa plazan, Urepele elkarteak antolatuta.

Ondoren. Herritarren arteko altxorraren bila jolasa, herrian zehar.

13:30. Mozorren kalejira eta dantza emanaldiak, plazan.

14:00. Herri bazkaria, Urepele elkartean.

Ondoren. Mozorrorik onenari saria.

18:00. Matraka elektrotxaranga, herrian zehar.

Iluntzen. Luntxa eta jaia luzatzeko aukera Urepele elkartean.

Otsailak 2, larunbata

16:00. Txokolate jatea, Guraso Elkarteak antolatuta, eskolaren atarian.

17:30. Haurren dantzak, trikitia eta txistu emanaldia.

19:00. Pintxo potea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!