Fiskaltzak ere Berastegin hildako 45 behien auzia aztertuko du

Tolosaldeko Ataria 2017ko aza. 23a, 10:35

Heriotzen atzean deliturik egon ote zen ikertu nahi du eta horretarako Foru Aldundiaren ikerketa baliatu dezake.

Berastegin hilda aurkitutako 45 behien auziak aurrera darrai. Gipuzkoako Foru Aldundiak ikerketa bat eta administrazio-txosten bat ireki zituen, eta orain jakin da Gipuzkoako Fiskaltzak ere gaia ikertuko duela, deliturik egon ote den aztertzeko.

Marta Sanchez Recio Ingurugiro fiskal ordezkariak iragarri du ikerketa abiarazi dutela eta esan du hainbat proba biltzen hasi direla jada. Gipuzkoako Foru Aldundiak ere ikerketa abiarazi zuen, eta beraz, hortik eratortzen diren datuak ere erabili ditzake fiskaltzak.

Fiskal ordezkaria ez da azken orduetan hitz egin duen bakarra. Imanol Lasa Gipuzkoako Aldundiko bozeramaileak esan du, lehen hipotesien arabera, abelburuak «baztertuta» utzi zituztela edo «gaizki zainduta» zeudela. Tratu txarrak nahita eman izana baztertu zuen, hala ere.

«Ez gara sartuko tragedia honen atzean egon litekeen kontu pertsonalean. Gertatutakoa aztertzea tokatzen zaigu, zerk huts egin zuen zehazteko, neurriak hartzeko, eta, beharrezkoa balitz, zigorrak ezartzeko», azaldu zuen.

Lasaren hitzetan, 90.000 euroko galera ekarri du gertakariak eta kopuru horri gehitu behar zaio Foru Aldundiak «hildako animaliak ustiategitik ateratzeko, zein bizirik jarraitzen zutenei emandako arretaren kostuak».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!