Foru Aldundia Berastegin hildako 45 behien auzia ikertzen ari da

Tolosaldeko Ataria 2017ko aza. 21a, 15:31

Ikerketa abiatu zuten heriotzen berri izan bezain pronto eta honetaz gain, administrazio-txostena ireki dute.  

Abeltzaintzan aritzen den Berastegiko Amerialde auzoko ukuilu batean 45 behi hilda topatu zituzten pasa den ostegunean. Gipuzkoako Foru Aldundiak auzia ikertzen ari direla esan dio Atariari. Ukuiluan behiak bakarrik zituzten.

Batetik, ikerketa abiatu dute eta bestetik, administrazio txostena ireki dute. Ez dakite zer gertatu den, «horregatik abiatu dugu ikerketa», baina bai baieztatu dutela jateko faltagatik hil zirela.
Behi guztiak ez dira hil, dena den, erdia baino gehiago onik daude, eta hori da aztertuko dutena, zergatik hil diren batzuk bakarrik.

Gipuzkoako Foru Aldundiak bizilagunen kexa jaso zuen ukuilutik usain txarra zegoela eta azken egunetan behien marruak etengabeak zirela esanaz. Foru Aldundiak zonaldeko albaitaria bidali zuen eta abereak hilda topatu zituela eta, abisua eman zuen. Protokoloa abiarazi zuten orduan eta hildako behian Ortuellako (Bizkaia) animalien erraustegira eraman zituzten. Bizirik zeuden behiak ere artatu zituzten eta ukuilua desinfektatuta, egoera onean utzi dute jada.

Foru Aldundiak adierazi duenez, animaliak ez zeuden utziak eta ez zuten tratu txarren zantzurik, «goseak hilda zeuden, hori argi ikusten zen».

Aste pare bat
Ikerketa abiarazita lehen emaitzak pare bat aste barru izatea espero dute eta orduan erabakiko dute zein isun edo neurri hartu.

Atariak ukuiluko jabearekin hitz egin du eta egoera zaila dela esan du. Lanean jarraitu nahi duela eta honekin guztiarekin nahikoa dutela esan du. Behiak semearen izenean daude eta biak daudela atsekabeturik esan du, bai bera eta baita semea ere.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!