Plazaren inaugurazio ekitaldi berezia, Kultur Astean

Rebeka Calvo Gonzalez 2017ko urr. 25a, 07:24

Leire Garaiburu Arzelus eta Mirari Saizar Zinkunegi zinegotziak, Jose Luis EgaƱaren erakusketan.

Bi asteburu luzetan banatuta ospatuko dute Berastegin, Kultur Astea; igandean inauguratuko dute plaza eta datorrenean egingo dute Azoka Berezia.

Urteroko hitzordua iritsi da Berastegira, Kultur Astea. Gaur bertan hasiko dute eta igandera bitarte iraungo du lehen txandak. Datorren ostegunetik igandera izango dute bigarren ekitaldi sorta. Igandearekin ospatuko dituzte ekitaldi nagusiak; datorrenean plazaren inaugurazioa eta hurrengoan, Azoka Berezia. Ez dira horiek izango, hala ere, ekitaldi bakarrak. Tartean dira ere Hika Teatroa taldearen Koadernoa Zuri antzezlanaren emanaldia edota haurrei zuzendutako emanaldi ugari.

Plazaren inaugurazioa igandean izango da. «Gure plazan garai batean pilotan jokatzen zen eta elementu horiek gorde ditugu eraberritzean. Erreboteko frontoi baten neurriak ditu plazak eta hori dela eta inaugurazioa berezia izango da. Inaugurazio ekitaldia egingo dugu batetik, eta bestetik, erreboteko eta bote luzeko partidak izango dira, eguraldiak laguntzen badu behintzat. Partidak igandean bertan izango dira Oiartzungo eta Amasa-Villabonako taldeen laguntzarekin, baina lehenago, ostiralean, bote luze eta erreboteko pilota jokoei buruzko hitzaldia ere izango da historia pixka bat kontatuz», esan du Mirari Saizar Zinkunegi Kultura zinegotziak.

Kultur Astea gaur hasiko da Arantzazuko Artzain eskolako irakasle eta ikasleen eskutik. «Artzain komunitate berri bat hitzaldia eskainiko du Bautista Otaegi eskolako koordinatzaileak eta eskolatik pasa diren hiru ikaslek», azaldu du Leire Garaiburu Arzelus Kultura zinegotziak. Sexualitatea ere izango dute hizketagai, Kizkitza Arozena sexologoaren eskutik. Eta bestelako gairik ere jorratuko dute, datorren astean herentzia eta testamentuen inguruan sartu berri den lege bati buruzko azalpenak emango baititu Arantxa Insaustik.

Kultur Asteak irauten duen bitartean herriko argazki zaharrekin osatutako erakusketa ikusi ahal izango da udaletxeko erabilera anitzeko gelan. Jose Luis Egaña berastegiarrak bildu eta digitalizatu ditu argazkiak eta 200 bat argazki ikusi ahal dira.

Berastegiko Kultur Astea

Urriak 25, asteazkena

  • 19:00. Artzain komunitate berri bat hitzaldi-solasaldia Arantzazuko Artzain eskolako irakasle eta ikasleen eskutik, udaletxeko erabilera anitzeko gelan.

Urriak 26, osteguna

  • 19:00. Sexualitatearen gaia gaur egungo gizartean hitzaldia, Kizkitza Arozena sexologoaren eskutik, erabilera anitzeko gelan.

Urriak 27, ostirala

  • 16:30. Itsasoko parkea Kulkiren eskutik, eskola atarian. Tartean txokolate jatea.
  • 18:00. Pilotako Joko Garbia ezagutzeko saioa, haurrentzat, frontoian.
  • 19:00. Bote luze eta erreboteko pilota jokoei buruzko hitzaldia, Oiartzungo eta Amasa-Villabonako taldekideen eskutik, erabilera anitzeko gelan.

Urriak 28, larunbata

  • 10:00. Kosmetika naturalari buruzko tailerra DebaNatura Ingurumen Heziketarako Elkartearen eskutik, Urepele elkartean; inguruko belar eta landareekin kremak eta abar egiten erakutsiko dute.
  • 15:00. Mus txapelketa herrikoia, Ategin.
  • 17:00. Zikoinak filma haurrentzat, erabilera anitzeko gelan.
  • 19:00. Pintxo-potea.
  • 23:00. Musika iluntzea Nogen eta Belaño erromeria taldearekin, Urepele elkartean.

Urriak 29, igandea

  • 11:30. Berastegiko plazaren inaugurazio-ekitaldia.
  • 12:00. Bote luze eta erreboteko pilota partidak plazan, Oiartzungo eta Amasa-VIllabonako pilotari, aurkezle eta epaile taldeen eskutik.
  • 17:00. Kortxea doktorearen abenturak. Musika tresnen fabrika ikuskizuna haurrentzat, eskolako gimnasioan.
  • 19:00. Esti eta Olatz bikote zeanuritarraren kantaldia, gitarra eta flauta lagun, erabilera anitzeko gelan.

Azaroak 2, osteguna

  • 19:00. Herentzia eta testamentuen inguruko lege berriari buruzko hitzaldia Arantxa Insaustiren eskutik, udaletxeko erabilera anitzeko gelan.  

Azaroak 3, ostirala

  • 16:30. Bizikleta ginkana eskola atarian. Norberak eraman beharko du  bizikleta.
  • 18:30. Tolosatik Japoniara bizikletaz ikus-entzunezkoa Lander Egiaren eskutik, erabilera anitzeko gelan.
  • 21:30. Motxila duen umea eta Harresiak dokumentalak, erabilera anitzeko gelan.

Azaroak 4, larunbata

  • 10:00-13:00. Hegaztiak behatzean ikasteko tailerra Aranzadi Elkartearen eskutik, haur eta helduentzat. Lehenengo 30 minutuko hitzaldia eskainiko dute erabilera anitzeko gelan eta mendi buelta txiki bat emango dute ondoren.
  • 17:00. Joxe Moxe kitarraren etxean kontatutakoa ipuin kontalari saio haurrentzat, Ixabel Agirresaroberen eskutik, udaletxeko kultur solairuko erabilera anitzeko gelan.
  • 22:00. Koadernoa zuri antzezlana helduentzat, eskolako gimnasioan.

Azaroak 5, igandea

  • Goizean. Azoka Berezia.
  • 13:30. Lehiaketetako sari banaketak.
  • 18:00. Talo jatea eta gazta zein arroz lehiaketetako dastatzea. Tartean Irati Irurzun eta Maria Lasa trikitilarien emanaldia.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!