Muñagorri eskolaren 25. urteurrena dela eta, bertako ordezkariak, udaleko beste hainbat kiderekin batera, aurtengo festetako pregoia irakurri eta suziria airera jaurtitzearen arduradunak izango dira, abuztuaren 9an, Berastegiko plazan, 12:30ean.
Hori, gainera, buruhandi eta txistularien laguntzarekin egingo da. Aurretik, ordea, goiz guztian zehar puzgarriekin jolasteko aukera izango dute haur eta gaztetxoek, eskolan. Bizikletarekin gauzatu beharreko zinta jokoa ere antolatu dute goizerako. Nabarituko da bai, haurrek paper garrantzitsua izango dutela lehen egunean; izan ere, Umeen Eguna ospatuko da. Arratsaldean, berriro ere, puzgarriak eta jolasak jarriko dituzte, eta tartean, apar festa egingo da, txikienen gozamenerako. Gero, Potxin eta Patxin pailazoen eskutik, Piramideen bila ikuskizuna ikusteko aukera izango da, eta iluntzean, zahagi ardoa antolatuko dute plazan.
Bigarren eguna, santuaren eguna izango da eta goiz deiarekin emango zaio hasiera. Bestetik, egitarauan badira garrantzia hartzen ari diren zenbait jarduera: goizeko mezak, alkate-soinua, mendiko bizikleta igoera, arratsaldeko pilota partidak eta bertso saioa. Iluntzerako, zahagi ardoa antolatu dute.
Kuadrillen Eguna, hilaren 12an ospatuko dute. Bazkal aurretik, patata tortilla txapelketa eta haurrentzako zirku tailerra izango dira, eta ondoren, kuadrillen arteko jokoak. Barriola urdaiazpikoa mozten ikusteko aukera ere izango da, sagardo ezberdinak dastatu, eta toka txapelketa jokatzen den bitartean.
Ostiralean, ajeak albo batera utzi beharko dituzte askok, goiz deiarekin batera. Zenbait kirol ekitaldi izango dira: haurren frontenis txapelketako finalak, pala txapelketako finalak eta berastegiarren herri kirol saioa, eskola atarian. Iluntzean, gaueko afarirako gorputza prest izateko, perku-poteoa egingo dute, batukadak lagunduta. Ondoren erabakiko dira, aurtengo kartel onena eta lorategi, balkoi eta leiho dotoreenak zeintzuk izan diren.
Abuztuaren 13a izango da aurten, jaietako azken eguna. Igandea bada ere, jarduera ugari antolatu dituzte. Goizean, gaztetxoen arteko pilota partidekin hasi eta, haurren dantza saioarekin, txistu eta trikiti emanaldiarekin eta soka dantzarekin izango du jarraipena. Iluntzean, berriz, festetako azken otordua egingo dute aparkaleku azpiko lokalean, izan ere, zahagi ardoarekin esango diete agur aurtengo San Lorentzo jaiei.
Erromeri eta dantzaldi sorta
Festak, ordea, ez dira bakarrik goizez eta arratsaldez ospatuko, eta gehien irautea lortzen dutenek, eguzkia sartu eta ilargia irteten denerako ere izango dute musikaz gozatu eta dantza egiteko aukera. Urtero egiten den bezala, musika talde ugari pasako dira Berastegiko taula gainetik, eta talde askok eskainiko dituzte dantza saioak.
Lehen egunean hasiko da erromeri eta dantza emanaldi sorta, Aiko, Laket eta Alurr taldeen kontzertuekin. San Lorentzo egunean, herriko dantzariek osatutako taldearen eta Haatik dantza konpainiaren txanda izango da, Ezten giro erromeri taldeak, herria dantzan jarri aurretik. DJ Andonik zabalduko dizkio ateak asteburuari, eta izango da zer entzun eta zer dantzatu, baita Kuadrillen Egunean ere, Guda dantza eta Gozategi taldeen eskutik. Azken egunean, berriz, haurren dantza saioa izango da lehenik, Kupela taldeak, festei amaiera emateko ardura izango duelarik, iluntzean astinduko baitute hauspoa Larrañaga eta konpainiak, herriko dantzarien taldeak, Dantzerki izeneko ikuskizuna eskaini aurretik eta ondoren.
Ikusi hemen egitaraua.