Berrikuntzekin dator Urtezaharreko krosa

Ataria 2016ko abenduaren 21a

13. Urtezahar Krosa izango dute Berastegin, Urepele elkarteak antolatuta. Aurten zenbait berrikuntza izango dituzte, eta horietako bat maila berri bat jarri dutela da, 0 eta 6 urteko haurrentzat.

Iñaki Urkizu antolakuntzako kideak azaldu duenez, 6 urtetik beherako haurrek «ibilbide labur bat egingo dute. Beste urteetan 12 urte azpiko proban parte hartu izan dute, eta txikienei oso luzeegia egiten zitzaien». 6 eta 12 urte bitartekoek itzuli bat emango diote ibilbide nagusiari, hau da, 1.200 metro eginez, eta 12 urtetik gorakoek lau itzuli egin beharko dituzte. 18:00etan hasiko da haurren proba, eta proba nagusia 18:30ean.

Izen ematea Urepele elkartean egin daiteke. 12 urte artekoek 4 euro ordainduko dute eta adin horretatik gorakoek 5 euro. Egunean bertan izena ematen dutenek bi euro gehiago ordainduko dute. Beste berritasuna probaren kamisetarekin zerikusia du. Parte hartzaile guztiei kamiseta emango zaie, baina bakarrik aurretik izena ematen dutenei. Probaren egun berean emanez gero ez da kamisetarik jasoko.

Parte hartzaileen artean antolakuntzak erositako eta babesleek emandako opariak zozkatuko dira. Bestalde, probaren errekorra egiten duenari, bai emakumezkoetan eta bai gizonezkoetan, urdaiazpikoa emango zaio, eta hori ere aurtengo berritasunetako bat da. Urtero parte hartzea handitzen ari da eta iaz 140 izan ziren.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!