Euriaren gainetik azoka nagusi

Irati Saizar Artola 2016ko aza. 6a, 16:46

Aste kulturalaren azken egunera heldu dira berastegiarrak. Urtero moduan, azoka egunarekin emango diote amaiera.

Eguraldiari kontra eginez jende mordoa gerturatu da Berastegiko frontoira.Plazan egitekoa zen aurten, baina, eguraldiak lagundu ez duenez, pilotalekuan jarri dituzte postu guztiak. Mota guztietako produktu, jaki, eskulan eta animaliak aurki zitezkeen. 

Hemezortzigarren azoka eguna zen gaurkoa, baina, aitzindariagoa den lehiaketak, aurten ere izan du lekua: XXV. gazta lehiaketa ospatu dute. Herritarrek goizean goiz aurkeztu behar izan dituzte gaztak; aurten, iaz bezala, 15 gazta aritu dira lehian. Ez da eguneko lehiaketa bakarra izan ordea, beti bezala, Ahari, Ardi eta Bildots Lehiaketa egin dute eta baita postuen eta arroz-esneen lehiaketak ere. Honekin batera, animalien, argazki rallyko argazki onenen eta haurren marrazki eta bertso lehiaketako erakusketak jarri dituzte. 

Eguerdi aldean, sari banaketari ekin diote. Jarraian, lehiaketaz lehiaketa saria jaso dutenen zerrendak:

Marrazki eta bertso lehiaketan, Kattalin Mugerza, Naroa Aranalde eta Oinatz Lasarte izan dira marrazki onenaren saria jaso dutenak. Bertso onenaren saria Alex Rekondorentzat izan da.

Argazki Rallyan, analogikoan, Inhar Esnaolarentzat izan da lehen saria eta jarraian, Idoia Labaien eta Jaione Barriolak jaso dituzte; digitalean, Jose Martin izan da lehena eta Irune Aramendi eta Uxue Garmendia izan dira ondorengo sarituak.

Arroz esne lehiaketan, 13 parte hartzaile izan dira eta Inma Artolaren arroz esnea gustatu zaie gehlen epaileei. Ondoren, Marixol Atxukarro eta Ixiar Zubillagarenak izan dira. 

Ahari ardi eta bildots lehiaketan, ahari hoberen saria Iker Ugartemendiak jaso du, ardi hoberena Jose Inazio Ugartemendiak eta bildots hoberena Hipoli Lasartek. 

Azokan herritarrek ipini dituzten postuen artean, Luis Saizarrena izan da gehien gustatu dena.

XXV. gazta lehiaketan, Lurdes Malkorrarentzat izan da lehen saria eta segidan, Koro Artola, Jose Inazio Ugartemendia, Luis Angel Zubiri eta Maria Jesus Labaien izan dira sarituak. 

Arratsaldean, talo jatea egingo dute eta baita goizeko gazta eta arroz-esneen dastatzea ere. Tartean, Teresa Caminos eta Oihane Zubiria trikitilariek alaituko dute giroa. Azoka egun bereziarekin emango diete bukaera, Kultur Asteari.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!