Festetarako prestaketa lanak

Maier Ugartemendia 2016ko eka. 10a, 10:43

Kartel lehiaketa eta balkoi, landare eta baratze lehiaketa antolatu ditu kultura batzordeak festen bueltan.

Salontzoak gero eta gertuago dituzte Berastegin, eta kultura batzordea urteroko hitzorduetarako deialdiak egiten hasi da jada.

Batetik, San Lorentzo jaiak iragartzeko erabiliko den kartel lehiaketa antolatu du batzordeak, hirugarren urtez. Irabazle suertatzen den diseinua 2016ko festetako programaren eta kartelaren azala izango da, eta saridunak herri afarian jasoko luke saria.

Parte hartu nahi dutenek diseinu librea egiteko aukera izango dute, modu digitalean, marrazki bidez, collage moduan... Ezinbestekoa izango da A5 neurrikoa (A4 erdia) eta horizontalean izatea diseinua, eta honako testu hau agertu beharko da bertan: Berastegiko Salontzoak 2016, abuztuak 5, 6 ,7, 9 eta 10.

Lanak uztailaren 4a baino lehen aurkeztu beharko dira gutunazal batean, eta egilearen datuak gutunazal batean sartuta eraman beharko dira. Zalantzaren bat izanez gero kultura@berastegi.eus helbidera idatz daiteke edo 688 68 19 52 telefonora deitu.

Balkoi, lorategi eta baratze lehiaketa

Urtero festen inguruan antolatzen den beste lehiaketa balkoi, lorategi eta baratze polit eta ederrenak aukeratzen dituena izaten da. Leiho, balkoi eta terraza lehiaketa zein lorategi lehiaketa zortzigarren urtez antolatuko dira aurten, baratzeena zazpigarrenez.

Parte hartu nahi dutenek 943 68 30 00 telefonora deitu behar dute edo udaleko harrera bulegoan eman behar dute izena, ekainaren 13tik 30era bitarte.

Leiho, balkoi eta lorategiak baloratzeko, kultura batzordeko kideak eta lorezaintza teknikari bat etxez etxe ibiliko dira puntuatzea egiten uztaileko larunbat goiz batean. Baratzeen lehiaketarako, berriz, abuztu bukaeran edo iraila hasieran barazki-teknikari bat pasako da balorazioa egitera. Egindako bisitetako argazkiak udalaren web orrian zintzilikatuko dituzte.

Balorazioa egiteko orduan kontutan izango dira kolorea, landareen aukera, konbinazioa, estetika eta txukuntasuna.

Guztira bederatzi sari banatuko dituzte, modalitate bakoitzean hiru. Hala ere, balkoi, leiho, terraza eta lorategienak Salontzoetako herri afarian banatuko dira. Aldiz, baratzeetakoak kultur asteko azoka egunean banatuko dira.

Iazko irabazleek ezingo dute aurten saririk jaso, nahiz eta hurrengo urtean posible izango duten, eta hortaz, 2014ko irabazleek aurten jada saria jaso ahal izango dute.

Lehiaketa egin ahal izateko gutxienez bost pertsonek parte hartzea eskatzen dute antolatzaileek, bestela bertan behera geratuko litzateke lehiaketa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!