Gero, mendi lasterketa herrikoiak etorri ziren. Motzak aurrena, eta luzeagoak ondoren, Ultra Trailetara iritsi arte. Baina ez da dena parte hartzaile paperean geratzen. Jasotzen denean ematea ere komeni denez, Azpiroz eta eskualdeko beste hainbat mendi lasterkari, Tolosaldeko 3 Tontor proba antolatzen hasi ziren iaz.
Lehen urtea izanik, denei lanean egotea tokatu zitzaien. Aurten, ordea, barrutik lasterketa nolakoa den ikusi nahi dute, «ikuspegi horretatik informazioa bildu eta hobekuntzak egiten jarraitzeko». Hain zuzen ere, zorte hori Jon Azpirozek izango du, bigarren edizio honetan parte hartzeko baimena eman baitie beste antolatzaile eta lagunek. «T3T-k ez dauka zerikusirik Ultra batekin, hau beste mundu bat da. Baina etxean da, eta iazkoa ikusita, oso giro berezi eta polita egoten da. Alde batetik parte hartzaileen artean, eta bestetik ikusleen artean». Hernio, Uzturre eta Arrospe tontorretan jendea elkartzea nahi dute aurtengoan ere antolatzaileek, parte hartzaileak animatuz T3T festa giroan bizitzeko.