«130 kilometroko proba batean bai edo bai txakalaldi bat izango duzu», esaten du Azpirozek. Eta horren zergatia ondo ezagutzen du berak, proba uztear egon baitzen.
Atentzioa deitu duen garaipena lortu duzu, Girona aldean.
Oso pozik nago. Batez ere, atzetik dagoen lan guzti horrek bere fruituak eman dituela ikustean. Hori oso pozgarria da. Baita garaipena ere, baina hori egun bateko kontua izaten da.
21 ordu korrika; erraz esaten da.
Lehenik eta behin, horrela ibiltzeko, buruan argi eta garbi eduki behar duzu zertara zoazen: mendian ordu asko pasa beharko dituzula. Gero gauak luze xamar egiten zaizkit niri, ohitu gabe gaudelako. Aukera bada taldean joaten saiatzen naiz. Egunean zehar, mendi berriak direnean, izugarri gozatzen dut.
Fisikoaz gain, burua ondo izatea garrantzitsua da, beraz.
Behin 80-90 kilometro egiten dituzunean buruz oso nekatuta egoten zara. Eta horrelako lasterketa batean buruak ez badizu laguntzen, gorputzak ere ez. Gero, argi izan beharreko beste kontu bat zera da: txakalaldiren bat bai edo bai izango duzula. Horiek pasatzen jakitea oso garrantzitsua da.
Noiz eduki zenuen txakalaldia Emmonan?
Momenturik txarrenean, 20 kilometroren faltan. Menditik herrietara jaitsi ginen, eta bero kolpe bat izan nuen. Erabat hustuta gelditu nintzen, lasterketa bertan behera uztekotan egon nintzen; indarrik gabe. Bikotearekin hitz egin eta bigarrenari 40 minutu ateratzen nizkiola, eta pixka bat itxaroteko esan zidan. Gorputzak ea buelta ematen zuen zain egon ginen. Azkenean, burua gogor hartu eta aurrera segi genuen.
Nola ematen zaio buelta horrelako egoera bati?
Bakoitzak bere modua izango du, ez dakit. Nire kasuan, egoera horretan, edozein detaile txikiri alde positiboa bilatzen saiatu nintzen. Bikotearekin hitz egin, bigarrenari ateratzen nion tartea,… Detaile txikiek asko laguntzen dute, positiboki hartuz gero.
Nolako lasterketa da Emmonakoa?
Izugarria. Erdi partean mendi altuetan sartu ginen, oso bortitza eta basatia zen. 16 kilometroko tarte hori, azkarrena egin zuenak ere, lau ordu eta erdian egin zuen. 130 kilometroko ibilbide batean, azkenean, denetik izaten da. Oso ibilbide polita da, eta eguraldia ere zoragarria egin zigun; horrek asko laguntzen du.
Noiz egin zenuen ihes?
Gaua taldean pasa nahi nuen, eta multzo batean egin genuen. Bakarrik joanez gero buruak lan asko egiten du, kaltetako izaten da hori. 06:00etan argitu zigun, eta lehen aipatu dudan sektore horretara iritsi aurretik, anoa gune bat zegoen. Ondo jan eta edan nuen bertan, eta indartsu sentitzen nintzenez, aurrera egitea erabaki nuen, ea aurkariak nola zeuden ikusteko. Hortik aurrera pixkanaka tartea atera nuen.
Helmugarako oraindik asko gelditzen zen.
60-70 bat kilometro. Baina gerorako utziz gero, zailagoa izaten da. Azken partean denak nahiko hustuta ibiltzen gara, eta hor tartea egitea zailagoa da, denak parekatuta egoten baikara.
Atzekoek nola erreakzionatu zuten?
Multzo batean joan ziren hasieran, eta hori aurretik doanarentzat ez da ona. Gero bakoitzak bere postua salbatu nahi izan zuen, eta azkenean, denak tantaka iritsi ginen helmugara.
Noiz ikusi zenuen lasterketa irabazita?
Topikoa izango da, baina azken kilometrora arte ez nuen irabazita ikusi. 20 kilometroren faltan txakalaldi handia izan nuenez, eserita errekuperatzen denbora asko galdu nuen, erretiratu edo ez pentsatzen. Banekien bigarrenak denbora asko berreskuratu zidala, eta azkarrago etorriko zela. Ez nekien noiz ikusiko nuen atzetik. Pentsamendu horiekin asko sufritu nuen. Azken kilometroan sartu nintzenean, oraindik ere atzera begiratzen nuen. Herrira iritsitakoan pixka bat lasaitu egin nintzen, eta orduan bai, gozatzeko aukera izan nuen.
Zer gertatu zen herri sarrera horretan?
Imanol Aleson bezalako korrikalari handi bat nire zain zegoela, zorionak emateko. Hori izugarrizkoa izan zen. Lasterketan atera zen bera, baina utzi beharrean suertatu zen sabeleko arazo batzuengatik. Helmugara gerturatu zen, eta bera han ikustea, zorionak ematen… Izugarria, benetan izugarria izan zen momentu hori niretzat.
Ordulariarekin irtengo zinen.
Beti. Baina justu kilometro gutxi falta zirela bateriarik gabe geratu zitzaidan. Beraz, ezin izan ditut datuak ikusi. Asko gustatzen zait lasterketa bukatu eta ordenagailuan datu guztiak errepasatzea; detaile horiek gustuko ditut. Kasu honetan, kilometroa 9 minutuan egingo nuela pentsatzen dut.
Nolatan aukeratu zenuen Gironako lasterketa hori?
Arrazoi desberdinengatik. Iaz Imanol Aleson eta hauek izan ziren, eta oso ondo hitz egin ziguten lasterketaz. Bestalde, aurten Alpinultras zirkuitua egin nahi dut. Hiru lasterketa ditu zirkuitu horrek, eta lehena Emmonako hori zen.
Sailkapen nagusian lehen postuan joango zara, orduan.
Bai, baina horrek ez du esan nahi ezer. Zortzi edo hamar lasterkari egongo gara zirkuitua irabazteko aukerekin. Lehengoan pare batek ezin izan zuten lasterketa egin. Ultra batean gainera, bukaera arte ez dakizu zer gertatuko den. Nire ustez garrantzitsuena hasieratik ondo puntuatzea da, konfiantza ematen dizulako. Hori behintzat lortu genuen.
Hurrengo biak noiz izango dira?
Uztailaren 2an tokatzen da bigarrena, Valls d´Aneu-n (93 km), eta azkena irailaren 10ean, Canfranc-Canfranc-en (100 km).
Ultra batean lortzen duzun lehen garaipena da. Horrek zer esan nahi du, gorakada egin duzula?
Ez dut uste. Iazko parean nagoela uste dut. Bigarren eta hirugarren postuak egin izan ditut, baina orain lehen postu bat egiteak ez du esan nahi jauzi bat eman dudanik. Lehengo bera naiz, baina detaile txikiak hobetu ditudala uste dut.
Nola hobetzen dira detaile txiki horiek?
Azken hiru urteetan Aritz Urdanpilletarekin ari naiz lanean. Oiartzungo nutrizionista bat da bera, eta asko lagundu dit. Gero etxekoen babesa ere beharrezkoa da. Eta lasterketan, anoa guneetan laguntza izatea ere garrantzitsua da, ahalik eta denbora gutxien galtzeko. Guzti hori asko eskertzen da.