Berastegiko gazteen frontenis txapelketako irabazleak, erabakita

Mikel Iraola 2016ko martxoaren 12a

Gazte Festak ospatuko dituzte datorren asteburuan Berastegin. Gaur, ordea, festa horien baitan antolatzen duten Frontenis Txapelketako finalak jokatu dituzte pilotalekuan.

16:30etik hasita, lau mailatako partidak jokatu dituzte. Herriko gazte ugari bildu dira finalak ikusi eta partaideak animatzeko gogoz.

Bikote mistoak

Guztira 12 bikoten parte hartu dute maila honetan. Ibon Garaiburu eta Aiora Lasartek, alde batetik, eta Julen Garaiburuk eta Mireia Garaiburuk, bestetik, osatutako bikoteek lortu dute finalera iristea. Lehenak izan dira garaile: 30-21 irabazi dute arratsaldeko lehen finalean. 

Mutilak, buruz buru

Guztira 16 gizonezkok eman zuten izena maila honetan. Finalera, Iker Saizar sailkatu zen lehenengo. Beste finalerdian, berriz, Mitxel Etxeberria eta Endika Pelaezek jokatu behar zuten. Etxeberria, ordea, min hartuta zen eta zuzenean Endika Pelaez sailkatu zen finalerako. Hain zuzen, Pelaez izan da txapelduna: 30-16 irabazi du.

Mutilak, binaka

Hemen ere 16 bikote izan dira lehian. Finalera iritsi diren bi bikoteak hauexek izan dira: Julen Garaiburu-Iker Saizar eta Ibon Garaiburu-Xabier Saralegi. 30-24 gailendu dira Garaiburu eta Saizar.

Neskak, binaka

Nesken binakakoan, berriz, 10 bikotek hartu dute parte. Mireia Barriola eta Eneritz Lasartek osatutako bikoteak, Olaia Garaiburu eta Leire Gartziarenaren aurka jokatu dute finala. Lehen bikoteak lortu du garaipena: 30-13.

Datorren astean, Gazte Festen barruan, egingo dute sari banaketa.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!