Arnasguneei buruzko formazio tailerra antolatu dute Berastegin

Rebeka Calvo Gonzalez 2015eko maiatzaren 20a

Larunbatean izango da, 16:00etatik aurrera, udaletxeko erabilera anitzeko gelan

Uemak eta Berastegiko Udalak, elkarlanean, arnasguneei buruzko formazio tailerra antolatu dute larunbaterako, hilak 23. 16:00etan hasiko da udaletxeko erabilera anitzeko gelan. Tailerrean udalerri euskaldunetan azken hamarkadetan eman diren hizkuntza joerek herriko egoerari nola eragin dioten aztertuko dute, eta baita etxebizitzak eraikitzeak edota migrazioek zein ondorio izan duten ere. «Leku bateko hizkuntza nagusia euskara denean, toki hori euskaldunontzat arnasgunea dela esaten da. Baina hori argi izanda ere, hamaika galdera sortzen zaizkigu: zergatik entzuten da erdara parkean? Herritar berrien eragina zenbatekoa izan da benetan?...», esan du Uemak.

Uemaren eta Berastegiko Udalaren nahia, era berean, herritarren iritziak biltzeko espazioa sortzea ere bada. Hori dela eta, formazio tailerra irekia dela nabarmendu dute eta gonbita irekia egin; «herriko taldeetako ordezkariak, gurasoak, jakin-mina duten herritarrak, ostalari eta enpresariak...» gonbidatu dituzte.

Arnasguneen mezua

Uema ahalegin berezia egiten ari da arnasguneei buruzko mezua zabaltzeko. «Bide horretan, ezinbesteko bidelagunak ditu udalerri euskaldunetako herritarrak eta eragileak», esan du. Hainbat herritan aritu ondoren, hurrengo hitzordua Berastegin jarri dute, eta bi saioko formazio tailerra emango dute, lehena larunbat honetan izango delarik. Hurrengoa ere maiatzean izango dela esan dute, baina ez dute data zehaztu.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!