Berastegiko Basurde elkarteak antolatuta, XXI. Ibilaldi Neurtua izango da igande honetan, hilaren 12an. Herria inguratzen duen 30 kilometro inguruko ibilbidea prestatu dute, eta zortzi orduko gehienezko denboran egin beharko dute mendizaleek.
Aurtengo ibilbidea iazkoaren oso antzekoa izango da: Berastegiko plazatik abiatuko dira mendizaleak, Aiztun auzotik gora egingo dute, eta handik Lartera igoko dira. Bokete, Uli eta Ulizarrera igo ondoren, Urto eta Plazaola aldera egingo dute, eta erregeneko bordan barrena Ipuliñora joango dira. Gorosmenditik San Lorentzo ermita ikusiz mugara jeitsiko dira, eta Berastegira itzuli.
Irteeera Berastegiko plazan izango da, 07:00etan. Ibilbidean kontrol guneak egongo dira, eta horietatik igaro behar dute mendizale guztiek, eta larrialdi zerbitzuak eta elikagaiak ere egongo dira.
Izen ematea, egunean bertan egin beharko da, 06:30etik aurrera, eta 6 euro ordaindu beharko du parte hartzaile bakoitzak. Mendizaleek txarteltxoa jasoko dute, eta hori ibilaldiko gune bakoitzean erabili beharko dute denbora jartzeko. Ibilaldia amaitzen denean, babesleek eskainitako zenbait opari zozketatuko dituzte proba bukatzen duten mendizaleen artean.
Normalean 200 lagun inguruk hartu ohi du parte Berastegiko ibilaldian, baina iaz 300 mendizale inguru izan ziren. XIV. Orduen Ibilaldia izaten den urtean kopurua handitu ohi dela nabarmendu dute antolatzaileek, eta aurten ere, ohiko moduan, 200 lagun inguru espero dituztela.
Txikienentzat ere bai
Bestalde, txikienek ere izango dute aukera mendi buelta egiteko. Izan ere, urtero bezala, Guraso elkarteak antolatuta, Txikien ibilaldia egingo da. San Lorentzotik barrena egingo dute ibilaldia, 09:00etan plazatik abiatuta.