Cadinox taldea izan da irabazlea

Ataria 2026ko uztailaren 4a

Alegiako eta Baliarraingo gazteek osatutako taldeak irabazi du aurtengo Belauntza Cup, eta Eivissara joateko bidaia jasoko du sari moduan.

Cadinox taldekoek 5-3 irabazi diote Insalus taldeari, hauek tolosarrez osatutakoa. Insalus aurretik jarri da 1-2, baina buelta eman diote Cadinoxekoek, eta 4-2 jarri dira. Azken momentuan Insalusek hirugarrena sartu du, baina segituan Cadinoxek bosgarrena sartu du eta hor bukatu da partida.

Finalaren aurretik hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko partida jokatu da, eta hor Belauntzako Udala taldeak lortu du 6-2 irabaztea. Iaz ere Amezketa, Alegia, Altzo eta Abaltzisketa herrietako gazteek osatutako taldeak hirugarren postua lortu zuten.

Sari banaketan Xabi Prieto eta Iñigo Diaz de Cerio futbol jokalari profesional ohiak izan dira. Lehen hiru postuko taldeez gain, beste sari batzuk ere banatu dituzte: jokalari onenaren saria Insalus taldeko Hodei Oiarbiderentzat izan da, atezain onenarena talde bereko Peru Martixarentzat, eta gol onenaren saria Cadinox taldeko Aitor Amundarainentzat. Bestalde, Udarko enpresak oparitutako bizikleta baten zozketa egin dute sari banaketaren tartean.

Finala hasi aurretik Matx.eus tokiko kirolaren sare sozialak joko bat antolatu du. Ate bateko area ertzetik baloiari emanez beste ateko langan jo behar zuen. Urte osorako arrautzak izango zituen irabazleak, baina hainbatek saiakera egin arren, ez du inork lortu langan jotzea.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!