Aldaketa hau hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko 7/2022 Legearen barruan kokatzen da, eta lege horren helburu nagusia hondakinen sorrera murriztea eta ekonomia zirkularra sustatzea da, berrerabilpena, birziklapen ona eta baliabideen kudeaketa jasangarriagoa sustatuz, baita ingurumen inpaktua eta kutsadura murriztea ere.
Tolosaldeko Mankomunitatearen 2025eko datuen arabera, Belauntzak % 46,08ko gaikako bilketa erregistratu du, aipaturiko araudiak 2025erako ezarritako % 55aren azpitik. Helburu hori datozen urteetan handituz joango da. Tolosaldean, egungo zifra % 64,30era iristen da.
2025ean errefusaren poltsetan egindako karakterizazioan ikusi da hondakinen erdia baino gehiago (% 56,29) birziklagarriak direla, hau da, ez luketela bertan egon behar. Horietatik, % 15,09 ontzi arinak dira eta % 41,20 materia organikoa; benetako errefusa, berriz, % 43,72koa da.
Bilketa sistema berria
Emaitza horiek ikusita, Tolosaldeko Mankomunitateak beharrezkoa ikusi du bilketa sistema aldatzea. Hala, hondakin organikoaren kudeaketa hobetzeko, bost auzo-konposta gune jarriko dira herrian. Beste bost puntuetan koloretako edukiontziak ezarriko dira ondorengo frakzioetarako: ontzi arinak, papera eta kartoia, beira eta errefusa.
Hondakinen arloko araudi berriak ezarritako helburuekin bat eginez, sistema berri honetan txartela erabiliko da errefusaren edukiontzian eta auzo-konpostako guneetan, erabileraren jarraipena egiteko eta hondakinen bereizketa hobetzeko. Txartela organikoan nahi beste aldiz erabili ahal izango da, baina errefusean astean bi aldiz bakarrik erabili ahal izango da. Ontzi arinen (horia), paper eta kartoien (urdina) eta beiraren (berdea) edukiontziek ez dute txartelik beharko.
Formakuntza eta txartelen banaketa
Larunbatean auzo konpostari buruzko formakuntza saioak egingo dira: 10:00etan Gure Txokoan eta 11:30tan ikastolako aparkalekuan. Formakuntzaren ondoren, errefusaren edukiontzia eta auzo konposterako guneak irekitzeko beharrezkoak diren txartelak banatuko dira, baita etxeetatik materia organikoa eramateko kubo bat ere. Honekin batera, sistema berriari buruzko informazio osagarria emango da.
Bertaratu ezin dutenek, txartelak udaletxean jaso ahal izango dituzte maiatzaren 11tik 15era, 09:00etatik 15:00etara. Sistema berria maiatzaren 18an jarriko da martxan.

