Eskualdean aski ezagunak dira bere platerak, Irurako Ostatuko arduraduna ere baita, Rosa Carbajal emaztearekin batera. Belauntza, ordea, aurretik ezagutzen zuela adierazi du sukaldariak, eta horrek antolakuntza lana erraztu dio; ostatua irekitzeko proposamena iritsi bezain pronto bazekien zein izango zen bertako eskaintza.
Herriko erdigunean kokatzen da ostatua, udaletxea, eliza, pilotalekua, kanpo futbola eta bolatokia inguruan dituela. Espazio zabala du, bezeroen beharretara egokituta; neguan goxo egoteko tximinia du jantokiak, eta udaran eguzkiaz disfrutatzeko terraza handia dago kanpoaldean.
Eskaintza murriztua izan arren, bezeroek eskatutako edozein errezeta egiteko prest daude; aurretik enkarguz eskatuta. Horretarako, kalitate oneko bertako produktuak erabiltzen dituzte. Esaterako, egunero eskaintzen dituzte Tolosako babarrunak. Hala ere, zirta da Belauntzako protagonista eta txuletak zein arrainak erretzen dituzte bertan. Bi haragi mota erabiltzen dituzte ostatuan; Goyako haragia eta esne behietako haragia. «Esfortzu handia egin dugu haragi hornitzaile onak lortzeko eta argi dut haragia ezin hobea dela». Bestetik, arrainak ere lekua du ostatuko plateretan; bakailaoak, bereziki. «Norvegiar bakailaoa deitzen diotenarekin egiten da lan normalean. Ez da gezatua, freskoa baizik, eta zapore eta tratamendu desberdinak ditu, baina nik betiko bakailao gezatuarekin egiten dut lan, beste testura bat duelako eta kozinatzeko aukera desberdinak ematen dituelako».
'Mutil zaharra' menua
Eguneko menuak, plater konbinatuak, ogitartekoak edota anoak ere eskaintzen dituzte. Baina zerrenda zabal horren artean bada bereizi behar den eskaintza bat: Mutil Zaharra menua. «Alargunak edo bakarrik bizi diren pertsonei eskaintzen zaie. Kozinatzea oso konplikatua da pertsona askorentzat, baita garestia ere. Horregatik askok ohitura handia izaten dute taberna edo jatetxe batera joan eta bertan pintxo bat jateko. Egunero ezin dute horretara diru asko bideratu, eta gutxiago menu batera», azaldu du. Ideia horretatik abiatuta antolatu du menu hori; lehen platera, bigarren platera, postrea eta ura biltzen ditu. Eguerdietan eta iluntzetan eskaintzen dute, merke.
Belauntzako Ostatua
- Helbidea. Hiriburu 23 (Belauntza)
- Ordutegia. Asteartetik igandera zabalik (10:00-22:00); ostiraletan eta asteburuetan, 00:00ak arte. Astelehenetan itxita.
- Telefono zenbakia. 943 904 590