Belauntza dantzan jarriko da asteburuan

Ataria 2023ko urriaren 17a

Belauntzako Udalak eta Donostiako Swing dantza eskolak dantza festa antolatu dute iganderako, 11:00etatik 22:00etara. Hamar dantza tailer eskainiko dituzte, herriko hainbat gunetan banatuta.

Dantzan igaroko dute igandeko eguna Belauntzan. Izan ere, Belauntzako Udalak dantza festa antolatu du, Donostiako Swing dantza eskolarekin batera. Egun osoko egitaraua prestatu dute, 11:00etatik hasita 22:00ak arte. Bertan, modalitate ezberdinetako dantzak ikasteko aukera izango dute parte hartzaileek; salsa, bachata, bogaloo-cha eta zumba bezalakoak, besteak beste.

Hamar tailer izango dira guztira, eta eguraldiak laguntzen badu, saioak herriko hainbat gunetan egingo dituztela jakinarazi du Iñaki Telleria alkateak. Horiek izango dira pilotalekua, plaza eta udaletxe ondoko parkean dagoen plaza. Swing dantza eskolako irakasleek gidatuko dituzte saioak. Dantzariek indarrak berreskuratu dezaten, food truck gunea ere izango da bertan.

Alkatearen hitzetan, «jendetza espero dugu igandean, Swing ospe handiko dantza eskola baita eta Bizkaia ingurutik jendea etorriko dela jakinarazi digute».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!