Caldereria Oria, ixteko arriskuan

Josu Artutxa Dorronsoro 2020ko urr. 29a, 07:58

Lanik ez dagoela argudiatuz, gerenteak eman die langileei asmoaren berri; kudeatzailearen «interes falta» eta maniobrarako «denbora-tarte txikia» izatea salatu dute langileek

1945 urtean sortu zen Caldereria Oria enpresa, Belauntzan. 70 urtetik gora daramatza galdaragintza sektorean. Hilabete hasieran, baina, enpresa ixteko asmoa zuela jakinarazi zien bertako kudeatzaileak langileei. «Aurretik ere usaintzen genuen. Hala ere, kolpetik etorri zaigu albistea, eta hori ez genuen espero», diote.

Haserrea, amorrua eta tristura sentitzen dute, batez ere, kudeatzaileak emandako arrazoiengatik. «Lan karga txikia dela eta egon daitekeen lan kopururako lehiakorrak ez garela dio». Langileek, baina, bestelako ikuspegi bat dute: «Interes faltagatik izan da. Bezeroekin lanak atzeratu dira, ez da eskaintza berririk egin, eta askori ez zaie erantzunik eman. Lana badago; sektoreko enpresa gehienek lanean jarraitzen dute. Enpresa utzi nahi dute, besterik gabe». Hori dela eta, enpresaren izena «toki txarrean» geratu dela nabarmendu dute langileek.

Enpresaburuak enpresa hartu eta aurrera egiteko proposamena luzatu diete langileei. Hauek, baina, ez dute begi onez ikusten. «Egoera honetara iritsi eta zerotik hastea ez dugu bideragarri ikusten. Guzti honen berri denbora-tarte handiagoarekin izanez gero, hobeto pentsatu, hausnartu eta erabakiren bat hartzeko aukera izango genuke. Orain ez dugu maniobrarako astirik».

Horrez gain, erabakia egun batetik bestera hartu eta jakinarazi izana leporatzen diote langileek. «Konponbide bat bilatzeko tarterik gabe utzi gaituzte». Bestetik, enpresaren bideragarritasuna bazkideen patriketara joan dela diote. «Enpresa bai ala bai itxi behar dela diote. Guk, aldiz, denbora gehiago eskatzen dugu».

Hori dela eta, sindikatuekin bilerak egiten ari dira egunotan. «Egoera aztertzen ari gara, eta zenbait ondorio atera ditugu. Enpresa ixtearen arrazoia ez da bizi duen egoera ekonomikoa, izandako galerei nahiz etorri daitezkeenei aurre egin ahal zaielako». Aurrerantzean, negoziaketetan murgilduko dira enpresako buruekin. «Akordioetara heltzen saiatuko gara, egoera konpondu ahal izateko. Horrelakorik ezean, neurri berriak hartuko genituzke».

Ondoriorik larrienean, ateak itxi ditzake enpresak. Horrek, 14 langile lanik gabe geratzea ekarriko luke. «Pena galanta litzake, enpresa txikia bada ere, guztiok ezagutzen dugu elkar, eta gure arteko harremana oso ona da. Badira bizi guztia bertan lanean daramatenak, baita enpresaren alde gogor borrokatu dutenak ere. Gure aldetik, beraz, ez dago gogo faltarik, ezta gutxiago ere».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!