Maddi Jauregi bigarrengoan irabazle

Asier Imaz 2018ko eka. 21a, 08:09

Xistera Zirkuituaren bigarren jardunaldia jokatu da Markina-Xemeinen. Maddi Jauregi belauntzarra izan zen irabazlea.

Izaro Arberekin (Markina-Xemein) osatu zuen bikotea Tolosako Beotibar Zesta Punta Elkarteko pilotariak. Finalean Ziortza Landa (Ereño) eta Naia Calvo (Berritxu) hartu zituzten mendean, 2-0.

Belauntzakoak eta Markina-Xemeingoak 14-15 irabazi zuten lehen jokoa, baina lehia ikaragarria izan zen. Markagailuan ez zen alderik egon, bikote bakoitzak gehienez ere bi tantoko abantaila lortzen baitzuen. Segidan etortzen zen, ordea, berdinketa. Horrelaxe iritsi ziren azkeneko txanpara.

Hor, Jauregik eta Arbek, urdinez, 13-14ko emaitza lortu zuten eta garaipenetik oso gertu jarri ziren, baina Landak eta Calvok partida berdindu egin zuten. Alde zuten sakea, ordea, ez zuten baliatu, eta Maddi Jauregik eta Izaro Arbek lehen jokoa lortu zuten: 2-0, 2-1, 3-1, 3-3, 4-3, 4-4, 5-4, 5-5, 5-6, 6-6, 6-7, 7-7, 7-8, 8-8, 8-10, 10-10, 10-11, 11-11, 12-11, 12-12, 12-13, 13-13, 13-14, 14-14 eta 14-15 izan zen markagailuaren mugimendua.

Bigarren jokoak ez zuen izan aurrekoaren emoziorik. 8-15 irabazi zuten Jauregik eta Arbek. Gorriak, Landa eta Calvo, aurretik hasi ziren markagailuan, baina urdinak berahala hasi ziren zuloa egiten, eta neurketa beti kontrolpean izan zuten, azkenean jokoa irabaziz, eta baita partida ere. 1-0, 1-1, 1-3, 2-3, 2-8, 4-8, 4-10, 6-10, 6-14, 8-14 eta 8-15 izan zen markagailuaren mugimendua.

Bigarren jardunaldiko jaia egun osokoa izan zen. Goizean emakume pilotarien dokumentala, mahai ingurua, eta emakumezko puntistekin osatutako argazki erakustaldia ere izan ziren. Jendearen erantzuna ere oso ona izan zen. Goizeko ekitaldiek jarraipen oso ona izan zuten, eta arratsaldean Markina-Xemeingo pilotalekuko harmailek itxura bikaina izan zuten.

Guztira 26 pilotari izan ziren Markina-Xemeinen, eta Markina-Xemein, Ereño, Berriatua, Gasteiz, Tolosa, Donostia, Durango, Hondarribia, Biarritz eta Zumaia egon ziren ordezkatuta.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!