[Gutuna] Mariano Lazkano Belauntzako alkatea

Olatz Peon Ormazabal 2016ko abe. 5a, 17:23

Ez ninduen harritu aurreko larunbatean Belauntzako eliza jendez gainezka ikusteak. 

Eliza gainezka eta kanpokaldean bildutako jendea Marianori buruz esandakoa entzuteak ez ninduen harritu.

Mariano bake gizona zen, nahiz eta beti ez zitzaion bake giroa egokitu hainbeste gorabehera bizi izan dituen gure herri honetan.

Eta bake gizona izanagatik ere, ez zuen atzera egiten bere pentsaeran.

Bere herriaren eta herritarren onura bilatzen zuen une oro, horretarako erabakiorrak ziren bilera eta lan guztietan parte hartuz. Lasaia eta sendoa izan zen beti bere jarrera.

Herri ordezkariek gaur egunean ez dute prestigio handiegirik, zoritxarrez, baina hainbat herri ordezkarik, aldiz, prestigioa eman diote politikagintzari, jarduera horrek duen zerbitzu publiko izaerari berezko pisua eman diotelako. Horietako bat izan zen Mariano, bere herriaren onurarako lan egin zuelako urtetan.

Azken urteotan aldiz, nekea ere sentitzen zuela aitortu zidan, elkarrekin egon ginen azkenekoan. Heriotzaren bezperan ere horretan aritu zen eta, lanean. Egun hartan, hainbat bileretan elkarrekin gertatu ginen, jakin gabe, bere bizitzaren azken orduak zirela haiek. Aipatu zidan nekatuta zegoela baina babestuta sentitzen zela etxekoak bere inguruan bilduta zituelako. Herriko lan batzuekin arduratuta zebilen, erantzunkizunaren zama bere bizitzaren azken uneraino eramanez. Lasai baina sendo.

Gizon handia izan zen Mariano bere zentzurik zabalenean.

Ez ninduen harritu bere lagun minak elizaren atarian bere samina adierazi zidanean… bere semea malkoei ezin eutsi ikusi nuenean... Ez, egia esan, ez ninduen harritu Belauntzako eliza jendez gainezka ikusi nuenean. Pertsona horiek «politika» hitza eramaten dute maila gorenera, bere apaltasunean, herri txiki batean alkate izanik, inolako hedabideen sonarik gabe, eguneroko jardueran interes publikoa defendatuz, eta eten gabean, herritarren eskura egonda.

Goian Bego Mariano.

Olatz Peon Ormazabal

Tolosako alkatea

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!