Azken asteetan Belauntzako frontoian lanean aritu dira, udalak aspalditik buruan zuen proiektu bat gauzatzeko: frontoia ixtea. Lanen ondoren, guztiz itxita geratu da frontoia, dagozkion larrialdi irteerak egin dizkiote, eta beharrezkoak ikusten zituzten bestelako egokitzapenak ere egin dituzte. Honenbestez, lanen lehen fasea amaitzeko argiaren arazoari irtenbidea ematea soilik geratzen zaie.
Lanen ondorengo emaitzarekin «oso kontentu» daudela jakinarazi digu Mariano Lazkano alkateak. Denboran «pixka bat luzatu» diren arren, balorazio orokorra «oso positiboa» da: «Frontoia txukun itxi dute, eta argitasun ona geratu da».
Pasa den astean amaitu zituzten lanak, eta lanen helburu nagusia frontoia eguraldi txarretik babestea eta urte guztian erabilgarri egotea zen; azken egunetako eguraldia helburu horiek betetzen ote dituen ikusteko aproposa izan da, eta Lazkanok azaldutakoaren arabera «gainean» egon dira zer gertatzen zen ikusteko, eta «oso ondo babestuta» geratu dela ikusi dute. Esperotako emaitzaz gain, babesleku ere izan da herritarrentzat. Batez ere, gazteak «zain» zeudela dio eta amaituta ikusitakoan «hunkituta» geratu direla dio. Hortaz, herriko jendea «pozik» ikustearekin ere «gustura» geratu direla dio Lazkanok.
Aipatu bezala, hurrengo pausua argiarentzat sistema ezartzea izango da. Gauetan «jende asko» joaten da frontoira, eta orain arteko sistemek ez dute emaitza ona eman. Horregatik, «momentuz behintzat» mugikorren bitartez martxan jartzen den sistema batekin probatzeko asmoa dute.
BIGARREN FASEARI BEGIRA
Orain arte egindako lanak frontoia berritzeko lehen fasearen barruan kokatzen ditu udalak, baina bigarren fase bat ere egiteko asmoa dute: «Harmaila batzuk jarri nahi ditugu. Horretarako bi aukera daude, fijoak jarri edo biltzen direnak. Orain baloratzen ari gara». Lan horiek egiteko data oraindik, ordea, zehazteke du udalak.
Edonola ere, Lazkanoren esanetan herritarrak «gustura» egotea da euren helburua, eta horretan dabiltza. Horregatik, hemendik aurrera ere herritarrek frontoia erabiltzeko gonbita luzatu du.