Ateak zabalik ditu Belauntzako ostatuak

Maier Ugartemendia 2014ko aza. 14a, 11:36

Alberto Arroyok eta Jesus Ugartemendiak pasa den uztailetik dute bertako ardura

Belauntza bezalako herri txiki batean herritarrentzat oso garrantzitsua da herriko ostatua zabalik egotea. Herritarren bilgune izaten da, eta ospakizun askotan elkargune. Belauntzako ostatuak uztailaren amaieratik arduradun berriak ditu, Alberto Arroyo andoaindarra eta Jesus Ugartemendia zizurkildarra.

Bi lagunek lehenago horrelako ardurarik izan ez badute ere, Belauntzako ostatua hartzeko iragarkia ikusi zuten eta lanik gabe zeudenez «aukera polita» zela pentsatu zuten. Behin ostatua zabalduta herritarrengandik eta ingurukoengandik «harrera ona» jaso dute, euren esanetan «esku zabalik» hartu dituzte.

Arroyo eta Ugartemendiaren esanetan, ostatua Tolosatik gertu egonagatik ere beharrezkoa da jendea «erakartzea», eta horretan saiatzen dira euren eguneroko lanean; jendea gustura gelditzea da beraien helburua. Horretarako, eskaintza zabala dute ostatuan. Aipatu behar da, astelehenetan ixten dutela eta beste egunetan 10:00etatik itxi arte zabalik egoten dela.

«Garaiko produktuekin» egiten dute bereziki lan, eta batez ere «sukaldaritza tradizionala» lantzen duten arren, gauza «modernoagoak» ere lantzen dituzte. Aukera zabala da: asteburuko menua, eguneko menua, plater konbinatuak, bokadilloak, karta, parrila...
Asteburuko menuan, esate baterako, bost edo sei plater «bereziago» prestatzen dituzte.

Parrilarako «esku ona» duela esaten omen diote Arroyori, eta arraina nahiz haragia prestatzen dituzte. Merkatuari egokitutako eskaintza izaten da normalean: zapoa, bisigua, erreboiloa, txuleta, saihets hezurra, azpizuna.... Hala ere, aurretik eskatuz gero eskaintza bezeroaren nahietara egokitu dezakete.

Horrez gain, aurretik eskatuta primerako paellak edo babarrunak ere prestatzen dituzte. Pasa den asteburuan, esate baterako, babarrunak izan ziren eskaintzat eta «izugarrizko arrakasta» izan zuten.

Hala ere, Arroyo eta Ugartemendiaren ustez, Belauntzan eta inguruan batez ere haragizaleak direla uste dute. Nahiz eta, udan arraina ere asko jaten omen den.

Aipatu, Belauntzako ostatuak 70-80 pertsonentzako lekua duela, eta udan edo eguraldi onarekin  aukera hori zabaldu egiten dela kanpoko terrazan beste 30 bat pertsonentzat ere lekua baitago. Gainera, eguraldi onarekin «primeran» egoten omen da.

Ostatuan egiten ari diren lanei buruz galdetuta, Arroyo eta Ugartemendia «gustura» daude bertan egingo diren aldaketekin. Jendea Belauntzara «bertaratzeko» lagungarria izango dela uste dute, eta noski hori beraientzat positiboa da. Etorkizuna ere itxaropenez ikusten dute bi lagunek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!