Ostatua berritzeko eta egokitzeko lanak egiten ari dira Belauntzan

Maier Ugartemendia 2014ko azaroaren 14a

Komunak eta biltegia goiko solairuan jarriko dituzte; behean haurrentzat txokoa

Azken asteetan Belauntzako ostatuaren ingurura gerturatu direnek ikusi ahal izango zuten kamioien eta langileen joan-etorria nabarmena dela. Izan ere, duela hamabost egun inguru ostatua berritzeko eta egokitzeko lanak hasi zituzten bertan.

Lanaren helburu nagusia irisgarritasunari lotutakoa da. Mariano Lazkano alkateak azaldu bezala herriko adinekoen eskaera «aspalditik» izan da ostatuko komunak beheko solairutik gora igotzea, beraientzat «arriskutsua» baitzen orain arte bezala eskailera mordoa jaitsi behar izatea komunera joateko. Gauza bera gertatzen zitzaien ezintasun fisikoren bat zutenei. Hori dela eta ostatuaren goiko aldean eraikinari beste puska bat eransten ari dira. Lurra emanda dute eta egurrezko estruktura iristean dena tapatuko dute. Bertan komunak eta ostatuko biltegia jarriko dituzte. Komunetara jangelatik bertatik sartu ahal izango da.

Aldiz, orain arte komunak egon diren gunean umeen jolaserako txoko bat jarriko dute, bai ostatura joaten direnek erabili ahal izateko edo baita herriko ludotekan dauden haurrek disfrutatu ahal izateko. Txokoa haurren jolasetarako egokituta egongo da. Horrez gain, ostatuko langileentzat dutxa batzuk ere egokituko dituzte bertan. Behin eraikinari puska berri hori gehituta, inguruan urbanizatze lanak egingo dituzte. Ostatuaren «buelta osoan»  pasabidea egongo da; atzetik behera jaisteko eskailera batzuk egingo dituzte eta argiteria ere jarriko dute.

Lanaren lehen zatia, komunarena eta biltegiarena, abenduaren 6an ospatuko duten jubilatu egunerako amaituta edukitzea espero dute. Lan hauek egin ahal izateko udalak «lau diru laguntza» jaso behar izan ditu. Lazkanok azaldu bezala herri txiki batentzat horrelako lan bat egiteko laguntzak «beharrezkoak» baitira.

Horrez gain, aurrera begira ostatuan kontsumo baxuko argiak jarriko dituzte, kultur etxean egingo duten moduan. Pintaketa lanak ere egingo dituzte.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!