Herriz herri dabil ATARIA irratia, Alegialdean hasitako kanpainari jarraituz. Eskualdeko herri mordoa ezagutu ditu dagoeneko, baina ezagutzen jarraitu asmoz, Ibarraldean ere dagoeneko pasa da herri batzuetatik. Pasa den asteko Berastegiko saioak Belauntzakoari pasa dio lekukoa.
Irratsaio honen atzetik, hilaren 27an, Leaburutik egingo da saioa herriko festak ospatzen ari direla. Uztailaren 4an, berriz, Orexatik zabalduko dira irratiko uhinak eskualdera. Astebete beranduago, uztailaren 11n, Elduaingo herritarrak izango dira hizlari eta opor aurreko azken saioa, uztailaren 18an izango da, Gaztelun.
Papereko kanpaina amaitzear
Hiru astez TOLOSALDEKO ATARIA-ren papereko eskaintza doan banatu da Lizartza, Orexa, Berastegi, Elduain, Berrobi eta Leaburu-Txaraman. Ostiralean jasoko dute azken alea, baina aurrerantzean ere etxean inguruko herrietako berriak euskaraz jasotzeko aukera izango dute. Horretarako, harpide egin beharko da. Gogoan izan, paperean jasotako produktuaz gain, 107.6FMn ATARIA Irratia entzuten jarrai dezagun lagunduko duzula eta www.ataria.info webgunea eskualdeko berrien gune izan dadin babestu. Webgunean bertan duzu harpide egiteko aukera edo bestela 943 65 56 95 telefonora deituta izan zaitezke Atarikide.
Tolosaldeko euskaltzaleen babesa behar dugu proiektua sendotzeko eta etorkizuna bermatzeko. Egunez egun hobetzeko konpromisoa hartzen dugu. Helburua argi dugu: Tolosaldeko berri zintzotasunez ematea eta Tolosaldeko euskaldunen bilgune izatea. Maialen Lujanbiok ezagun egin zuen esaldiak dioen bezala, «herri hau sortzen segi dezagun, euskaratik ta euskaraz».