Udazken garaiko hamar hitzordu

Tolosaldeko Ataria

Baliarraingo festetan txirrindularien igoera egin zuten. J. ARTUTXA

Urritik abendura hamar proposamen prestatu dituzte Baliarrainen Orbel garaiko kultura egitarauaren barruan. Larunbatean izango dute lehen hitzordua: 19:00etan hasiko du kontzertua Gari musikariak.

Orbel garaiko kultura izeneko egitarauaren barruan hamar kultur hitzordu antolatu ditu Baliarraingo Udalak. Herritar guztiei bideratuta prestatu dituzte proposamenak, eta larunbatean izango dute lehena: kontzertua egingo du Gari musikariak, 19:00etan. Urrian hasi eta abendura arte luzatuko da ekimena, eta antolatu dituzten jardueren artean daude hitzaldiak, proiekzioak, gazte eguna, euskararen eguna eta gaztaina jatea.

Urrian, guztira, bost egunetan izango dute kultur eskaintza. Aipatutako Gariren kontzertuaz gain, datorren asteko larunbatean —hilaren 10ean— herriko Josu Ozaitak egindako Esperantza eta Txalupa mutila dokumental laburrak proiektatuko dituzte; urriaren 24an ospatuko dute gazte eguna; hurrengo egunean, hilaren 25ean, Jakoba Errekondo eta Markel Arriolabengoa adituen eskutik 'Zuhaitzak eta arbolak Euskal Herrian' hitzaldia izango dute; eta hilabeteko azken egunean, 31n, Gau Beltza ospatuko dute.

Azaroan, berriz, hiru proposamen antolatu dituzte: batetik, Txuriya errezitaldia egingo dute azaroaren 14an; Harkaitz elkarteak antolatuta bazkaria egingo dute azaroaren 21ean elkartean; eta azaroaren 28an Zugarramurdira egun pasa antolatu du gurasoen elkarteak.

Urtea amaitzeko, berriz, bi hitzordu izango dituzte abenduan: Euskararen Eguna ospatuko dute abenduaren 3an, eta oraindik ez dute jarduera zehatzik aurreratu; eta abenduaren 12an, berriz, gaztaina jatea egingo du Harkaitz elkarteak antolatuta.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!