Joan den astean banatu zituzten Donostiako 74. Zinemaldiko sariak, eta Eusko Label film laburren sailean Josu Ozaita ibartarraren Esperantza dokumental laburrak eskuratu du 6.000 euroko sari nagusia. Guztira zortzi pieza lehiatu dira sail horretako finalean, eta horien artean izan da Ozaitaren Txalupa mutila lana ere.
Bi piezak Ozaitak zuzendu eta grabatu ditu, eta Iñigo Zapirain (Zap bideogintza) ibartarrak editatu ditu. Biak ala biak Getarian kokatzen dira, eta Esperantzak «Zergatik da Getaria munduan arraina jateko tokirik onena?» galdera abiapuntutzat hartuta, arrantzale gazte batek arraina harrapatzen duenetik Elkano jatetxeko parrillaraino zein bide egiten duen erakusten du.
Txalupa mutila lanak, berriz, 91 urteko arrantzale batek itsasoarekin zein harreman duen jasotzen du, besteak beste. «Getarian ari naiz lanean, eta arrantzaren munduan murgiltzen ari naiz. Bi istorio berezi identifikatu nituen, eta ez nekienez zein aukeratu, biak egin eta aurkeztu nituen. Finalera biak iritsi izana nahiko sari izan zen, eta zer esanik ez irabaztea», saria irabazita pozarren hitz egin du antropologo ibartarrak.
Egunerokoari aitortza
Saria kontatzen dituen istorioentzat aitortza delakoan dago Ozaita: «Saria protagonistekin batera jaso genuen, eta horrek oso berezi egin zuen momentua. Oso polita izan zen».
Lan irabazlearen inguruan azaldu du «eguneroko errealitatea» jasotzen duela: «25 urteko arrantzalea da Kepa, eta goizean goiz abiatzen da egunero arrantzara. Itzulitakoan moilan elkartzen da Elkanoko Aitorrekin, eta gero parrillara eramaten dute arraina. Asmoa izan da nolabait erakustea Elkanoko parrillako arrainaren atzean zein jarduera dagoen». Txalupa mutilan, berriz, 91 urteko Justo Silbetiren bizipenak eta itsasoarekin duen harremana bildu dituzte: «Ez dago, jakina, hiru minututan bere bizitza jasotzerik; lotsa puntu bat ere ematen dit saiatu izanak. Baina saiatu gara islatzen zein harreman duen itsasoarekin, eta nola transmititzen dion hori ilobari».
Bestalde, kontatu du hasieran ez zuela asmorik aurten lanik aurkezteko: «Duela urtebete ezagutu nuen Silbeti, eta Keparekin arrantzara hainbatetan joan naiz. Elkarrizketa asko izan ditugu. Aurrena ez nuen gogoan dokumentala egitea, haiek ezagutu izanaren ondorioz erabaki dut hori pantailan kontatzea».
Bigarren urtez garaile
Iaz txondorrari buruzko Hatsa piezarekin irabazi zuen Eusko Label saileko sari nagusia, eta berriro irabaztea «berezia» dela aitortu du: «Agian nire indargunea da antropologo lanetan aritzen naizela, eta gai horiek —gastronomia, bertako produktuak, herri txikietako bizitza— jorratzen ditudala. Nahiko ondo barneratzen naiz errealitate eta istorio horietan. Oso barrutik ezagutzen ditut, eta ederra da hori transmititu ahal izatea».
Bitan irabazi izanak «sinesten hastea» ekarri diola ere onartu du: «Istorioetara, behintzat, iristen gara. Orain arte idatziz aritu naiz gehien, baina ikus-entzunezkoa ere istorioak kontatzeko tresna interesgarria da oso, eta merezi du aztertzea». Alfonbra gorrian egotea, berriz, «ilusioz» hartu duela kontatu du, nahiz eta ez duen bere tokitzat sentitzen: «Bizitzan behin gertatuko den zerbait bezala sentitu dut. Bikotearekin konpartitzea ere polita da, azkenean, antropologia eta sormena uztartuz, familia ere inplikatzen delako».
Orain arte dokumental laburrak egin ditu antropologoak, eta aipatu du luzeagoak egiteak erakartzen duela, baina «errespetua» sentitzen duela: «Luze kontatzeko moduko istorio asko jasotzen ditut antropologia ikerketetan: herri txikietako bizimodu desberdinak eta bereziak. Baina errespetu handia ere ematen dit: benetako bizitzak dira eta ondo kontatu behar dira, duintasunez». Nabarmendu du bakarrik ez litzatekeela ausartuko, baina «ederra» litzatekeela «lantalde zabalago bat» izanez gero: «Ez zait asko gustatzen galdera-erantzun egitura; konplexutasun gehiago eskertzen dut, baina ez da erraza hori lortzea, emozioak mugiaraztea».