Urtero moduan, Ama Birjin egunez, Jexux Nazabalen Oroimenezkoa Txirrindulari Igoera egin dute Baliarrainen, Andre Mari festen barruan. 62. edizioa izan du aurtengo probak, eta euripean egin dute. Meteorologia lagun ez izan ez arren, federatu gabeko gizonezkoen eta emakumezkoen mailatan errekor berriak ezarri dituzte irabazleek.
Gizonezkoetan, Unax Iztueta herritarra izan da azkarrena. 6 minutu eta 13 segundo behar izan ditu Eredu enpresatik Baliarraingo plazaraino dauden bi kilometro pasatxoak egiteko. Sekulako denbora egin du. Gaur bigarren helmugaratu den Haritz Artano alegiarrarena zen orain arteko denbora onena: 6.26. Iaz ezarri zuen, lasterketa irabazita; iazko edizioan, Iztueta bigarren izan zen (6.45).
Aurten, tarteko helmugatik lehen postuan igaro da alegiarra, baina ondoren Iztuetak erritmoa bizkortu du, eta abiadura bizian iritsi da herriko plazara. Oraindik, ordea, inork ez du Ion Izagirre gainditu. Ormaiztegiko txirrindulari profesionalak 2013an egin zuen orain arteko igoerarik azkarrena: 5 minutu eta 45 segundo.
Emakumezkoetan ere errekor berria du lasterketak, eta denbora ikusita, baliteke luzaroan mantentzea. Ikaragarria izan da. Maider Unanue aramarra izan da azkarrena. Iaz ere garaipena lortu zuen, eta errekor berria ezarri zuen: 10 minutu eta 19 segundo. Gaur, ordea, txikitu egin du iazko marka. Minutu eta erdi gutxiago behar izan du proba burutzeko. 8 minutu eta 49 segundoko marka egin du Unanuek, eta garaipen argia lortu du.
Eskualdeko txirrindulari bat sailkatu da bigarren postuan: Eider Zubeldia amezketarra. Honek ere aise gainditu du Unanuek iaz ezarritako marka. 9 minutu behar izan ditu igoera osatzeko. Sara Villasante donostiarra izan da hirugarren, 9.57ko denbora eginda. Guztira, bost emakumek parte hartu dute nagusien mailan, baina bat bera ere ez da baliarraindarra.
Helduen lasterketaren aurretik, haurren igoera egin dute, eta Aitor Arteaga eta Intza Albisu baliarraindarrak izan dira azkarrenak; Arteagak iaz ere irabazi zuen, baina aurten ia bi minutu gutxiago behar izan ditu. Iaz 10.15eko denbora egin zuen, eta aurten 8 minutu eta 41 segundo behar izan ditu. Mutiletan, gainera, Unai Arteaga eta Aratz Nazabal herritarrak hirugarren eta laugarren izan dira, hurrenez hurren.
Nabarmena da Baliarrainen badela txirrindularitzarako zaletasuna eta harrobia, eta horren erakusle da bi probak amaitu ondoren parte hartu duten herritarrek egindako argazkia.
Alfontso Jauregi gogoan
Sari banaketa hasi aurretik, lasterketako antolatzaileek gogoan izan dute Alfontso Jauregi Alfontsito, 50 bat urtez lasterketa antolatzen lan handia egindakoa. Urte hasieran zendu zen, 68 urterekin, eta antolakuntzak esker hitzak izan ditu harentzat; herritarrek txaloak jo dizkiote.
Antolatzaileek adierazi dutenez, lasterketaren antolakuntzan «ardatzetako bat» izan zen Jauregi. «Gaur egun bi lagunek egiten ditugu hark bakarrik egiten zituen lanak. Egunero etortzen zen, Probintzi baserrira, bere baserrira; kuttuna zuen. Egun hau oso gogoko zuen, eta Baliarrain asko maite zuen. Abenduaren 24an, esaterako, kantu eskean joaten ginen haren baserrira, eta atea beti egoten zen zabalik. Guk hala moduz abestutakoak ikaragarri eskertzen zizkigun, beti irribarre batekin. Eskerrik asko egin zenuen lan guztiagatik eta izan zinen bezalakoa izateagatik».
Sailkapenak
0-14 urte artekoak
Mutilak:
- Aitor Arteaga (Baliarrain): 8.41
- Iñigo Lopetegi (Astigarraga): 8.55
- Unai Arteaga (Baliarrain): 9.00
- Aratz Nazabal (Baliarrain): 9.11
Neskak:
- Intza Albisu (Baliarrain): 14.28
Tarteko helmuga (urdaiazpikoa saritan):
- Aitor Arteaga (Baliarrain)
Lehen herritarrak:
- Aitor Arteaga (Baliarrain)
- Intza Albisu (Baliarrain)
Txirrindulari gazteena:
- Asier Allur (Berrobi, 7 urte): 14.22
Nagusiak
Gizonezkoak:
- Unax Iztueta (Baliarrain): 6.13
- Haritz Artano (Alegia): 6.49
- Iker Saizar (Berastegi): 7.06
Emakumezkoak:
- Maider Unanue (Arama): 8.49
- Eider Zubeldia (Amezketa): 9.00
- Sara Villasante (Donostia): 9.57
Tarteko helmuga (urdaiazpikoa saritan):
- Haritz Artano (Alegia)
Lehen herritarrak:
- Unax Iztueta (Baliarrain)
- Emakumezkoetan ez da baliarraindarrik izan
Txirrindulari beteranoena:
- Jexux Ibarbia (Bidania, 80 urte): 14.57
Festetako bigarren eguna
Arratsaldean izango du jarraipena Ama Birjin eguneko egitarauak:
- 18:00. Esti Markezen kantaldia.
- Ondoren. Intxausti eta Larrañaga trikitilariak.
- 20:00. Sagardo lehiaketa eta zahagi ardoa.
- 22:30. Helduentzat jolasak.
- 23:30. Intxausti eta Larrañaga.