Alfontso Jauregi hil da, Baliarraingo Txirrindulari Igoeraren antolatzailea

Ataria 2026ko urtarrilaren 10a

Alfontso Jauregi 2024an, Baliarraingo plazako kioskoan.

Atzo hil zen baliarraindarra, 68 urterekin. 50 urte inguru zeramatzan Jexux Nazabalen oroimenezko txirrindulari igoera antolatzen; herriko festetan egiten dute, Ama Birjin egunean, eta ekitaldi nagusietako bat izaten da.

Alfontso Jauregi Oiarbide baliarraindarra hil zen atzo, ostirala, 68 urterekin. Baliarraingo Andre Mari festetan egin ohi den txirrindulari igoeraren antolatzaileetako bat zen –25 lagun inguru aritzen dira lan horretan–. Ama Birjin egunean izan ohi da, eta festetako ekitaldi nagusietako bat da. Jauregik 50 urte inguru zeramatzan antolakuntzan.

Iaz, elkarrizketa eskaini zion Jauregik ATARIAri, txirrindulari igoeraren 60. edizioaren aurretik. Elkarrizketa hartan aipatu zuen gogoan zuela igoeraren lehen edizioan txirrindulariak animatzen aritu zela errepide bazterrean.

Besteak beste, Jokin Mujikak eta Ion Izagirrek parte hartu zuten Baliarraingo probaren edizioren batean. Edizioaren 50. urteurrenean, txirrindulari ormaiztegiarrak ezarri zuen probako marka onena: bost minutu eta berrogeita bost segundo.

Gaur egin dute Jauregiren omenezko hileta elizkizuna Baliarraingo Andra Mari elizan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!