Azken urteko nondik norakoen berri izateko hitzordu irekia

Aitor Arroyo Askarai 2026ko martxoaren 5a

Baliarraingo herritar guztiak gonbidatu dituzte batzarrera. E. MAIZ

Baliarraingo Udalak herri batzarra egingo du martxoaren 15ean. Herritarrekin landuko dute zein lan egin dituzten azken urtean, eta zein egoeratan dauden herriko proiektuak. 

Martxoaren 15ean urteko herri batzarra egingo du Baliarraingo Udalak. Herritarrei azken hamabi hilabeteetan zer egin duten kontatzeaz gain, udalaren eta martxan dauden proiektuen egoera ere azalduko diete. Balioanitz aretoan izango da saioa, eta 11:00etan hasiko da.

«Hitzordu garrantzitsua da guretzat, aukera ematen baitu udalaren eta herritarren arteko harremana zein komunikazioa sendotzeko», horrela hitz egin du Ugaitz Garmendia alkateak hitzorduaren inguruan. Eta ildo beretik gaineratu du «propio» jartzen dutela igande batean: «Etxe bakoitzetik herritar bat behintzat bertaratzea gustatuko litzaiguke. Udalaren berri jasotzeaz gain, aukera izango baitute euren iritzia emateko ere».

Hainbat hizketagai

Alkateak adierazi du hainbat arlo landuko dituztela batzarrean, horien artean, udalaren egoera ekonomikoa, gauzatutako lanak, martxan dauden proiektuen egoera eta aurrera begirako asmoak. 

Hain zuzen, martxan dauden lanen artean aipatu du urte bat bete dela ostatua berriro zabaldu zenetik, eta jatetxearen gainerako solairua erosi dutela erretore etxearekin hitzartuta, bertan logelak egokitzeko. Ildo berean, gogora ekarri du Ibiur urtegiaren inguruan ere obra egiten ari direla, eta lanak oraindik amaitu gabe daudela. 

Horrez gain, egunerokoan «hain presente» ez dauden zenbait gai ere jorratuko dituztela aurreratu du: «Euskara, zaborren kudeaketa, estaldura... Halako gai batzuk ez daude horren presente eguneroko jardunean, baina baditugu ideia batzuk eta horiek azaltzeko ere aprobetxatuko dugu».

Errotutako ohitura

Baliarraingo Udalak urtez urte mantendu du hamabi hilabetean behin herri batzarra egiteko ohitura eta «dagoeneko errotuta» dagoela uste du Garmendiak: «Gaiak azaltzen ditugu, baina ondoren herritarrek ere aukera izaten dute iritziak, kezkak eta proposamenak aurkezteko ere».  

Gainera, bertaratzen ez diren herritarrei «laburpen moduko bat» ere bidaliko diete, landutakoen berri izan dezaten: «Herritar guztiak gonbidatu ditugu. Guztiei eragiten die, eta ez garenez asko, aukera daukagu guztiok arduraz hartzeko».

Baliarrainen udala «aparteko zerbait» ez dela ere uste du alkateak, eta garrantzitsua dela herritar guztiak eguneratuta mantentzea: «Une honetan gu gaude, baina aurrerago beste batzuk egongo dira udalean eta beharrezkoa da guztiok izatea jardunaren berri. Denon ardura izan behar du, eta ez udalean orain gaudenona bakarrik».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!