Ostatuan erabiltzeko bonuak baliarraindarrentzat

Ataria 2026ko martxoaren 5a

Zartagi ostatuaren kanpoaldeko artxibo irudia. ATARIA

Martxoaren 29ra arte erabili ahal izango dituzte bonuak. Baliarraingo Zartagi ostatua berriro zabaldu zutenetik urtebete bete den garaia ospatzeko antolatu dute ekimena.

Urtebete bete du atzera zabalik Baliarraingo Zartagi ostatuak, eta herritarren arten ospatzeko bertan erabiltzeko bonuak prestatu ditu Baliarraingo Udalak. Interesa duten herritarrek 20 euroren truke eskuratu ahal izango dute ostatuan erabiltzeko 30 euro balio dituen txartela, eta udalak bere gain hartuko ditu 10 euro horiek.

Dagoeneko eskuragarri daude bonuak, eta martxoaren 29a izango da erabiltzeko azken eguna. Udaletik adierazi dute neguko hilabeteak «zailak» izaten direla ostalarientzat, eta testuinguru horretan babesa adierazteko ere balioko dutela bonuek: «Denon artean ospatu nahi dugu Zartagi ostatua berriro ireki zela. Bonuek aukera emango digute bertan elkartzeko eta guztion artean gozatzeko».

Eskuratzeko baldintzak

Aipatutako bonuak udaletxean dituzte eskuragarri herritarrek, eta ez da adin zehatzik behar erosi ahal izateko. Herritar bakoitzak, gehienez, bi txartel erosi ahal izango ditu, eta ostatuan bazkarian zein afarian erabili ahal izango dira.

Dena dela, txartelak norberak bakarrik erabili ahal izango ditu, hau da, ezin dizkiote beste pertsona bati eman. Erabiltzeko garaian, kontuak 30 eurokoa izan beharko du, gutxienez, eta handiagoa bada norberak ordaindu beharko du gainerakoa bonuarekin batera. 60 eurotik gorako kontuetan, berriz, bi bonu erabili ahal izango dira.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!